10:30ean hasi dira gaur Urduñako hilerriko indusketak. Aranzadiko 20 lagun inguru bertaratu dira, eta esku-hartzeak egiten ari dira espazioan. Itziar Biguri Ugarte alkateak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, berehala topatu dute lehenengo gorpua: "Eskabadora sartu dutenean, berehala topatu dute lehen gorpua. Lerroka ari dira lanean, eta lehenbiziko zatian 7 gorpu atera dira. Horrela jarraituz gero, 40 hilotz inguru ager daitezke eremu honetan".
"Eskabadora sartu dutenean, berehala topatu dute lehen gorpua. Lerroka ari dira lanean, eta lehenbiziko zatian 7 gorpu atera dira. Horrela jarraituz gero, 40 hilotz inguru ager daitezke eremu honetan"
Hunkituta eta pozez kontatu du aurkikuntza gobernuburuak: "Pendiente genuen lana eta konpromisoa zen indusketarena, eta lortu dugu. Hori da niretzat legeagintaldi honetako opari handiena: hemen dagoen jendean ateratzea, kolunbarioan sartu eta benetako errekonozimendua egiteko".
Auzolanerako deialdia
Indusketa saioak publikoak dira, eta laguntzera joan daiteke. Auzolan deialdia egin dute horretarako. "Ezin da hezurrak garbitzera joan, baina lur kuboak ateratzen lagun dezakegu. Laguntza beti da ongietorria, hemen lan handia dago, eta ziurrenik bihar jende gutxiago egongo da, batzuentzat ez da jai eguna-eta". Hain zuzen, gaur eta bihar artean nahi dute ahal beste aurreratzea, "euririk egingo ez duelako".
Historiari aitortza
2014an egin ziren lehenbiziko indusketak Urduñako hilerrian. Gorpu horiekin 'Duintasunaren kolunbarioa' inauguratu eta bertan hilobiratu zituzten uztailaren 28an. Urduñako Udalak aurreratu duenez, gorpu gehiago agertzekotan, bertara mugituko dituzte.
Argazkiak: Urduñako Udala