1939tik 1941era Urduñako Espetxe Zentralean hildako pertsonen gorpuzkiak hilerriko lurpetik ateratzea izango du helburu Aranzadi Zientzia Elkarteak abenduaren 6tik 11ra, eta bertan laguntzeko deialdia zabaldu du Udalak, auzolan egitasmoaren bitartez. Lagundu nahi izanez gero, bulegoak@urduna.com helbidera idatzi edo 945 38 30 03 zenbakira deitu dezakete interesdunek.
2014an abiatutako esku-hartze arkeologikoari emango diote jarraipena. Urte horretan 14 biktimen gorputzak atera zituen hobitik zientzia elkarteak, Urduñako Espetxe Zentralean gatibu zeudela hil zirenak. 1937 eta 1941. urteen artean, 225 pertsona zendu ziren, gutxienez, Urduñan ezarritako gerrako presoen kontzentrazio-esparruan eta espetxe zentralean.
Gehienak goseteen, hotzaren, gaixotasunen eta baldintza larrien ondorioz hil ziren. Preso horien egoera latzaren inguruan, Aiaraldea Komunikabidearekin mintzatu zen Paco Etxebarria.
Nitxoen berregituraketa
2014an lurretik ateratako gorpuzki horiek hilerriko sarrerako eskuinaldean topatu zituzten, nitxoen arteko korridoreetan. Hori dela eta, hilerriko eskuinaldeko horma-hobien azpian antzeko lurperatze gehiago egon zitekeela ondorioztatu zuten.
Horrenbestez, Udalak 2017an erabaki zuen eremu horretako 204 nitxoren hileta-eskubideak aztertzea eta, bertan zeuden 96 horma-hobiak kentzeko prozesua abiatzeko aurten, azpian egon daitezkeen gorpuzkiak desobiratzeko.
Sarrerako eskumaldean dauden 96 horma-hobiak (310-405 zenbakidunak) kentzeko eta gorputzak lekualdatzeko, Urduñako Udalak senide guztien baimena jaso du. Lan horietarako, Espainiako Udal eta Probintzien Federazioak (FEMP) esleitutako 25.000 euroko dirulaguntza baliatu du tokiko erakundeak. Izan ere, espetxean hildako gehienak Badajoz, Ciudad Real eta Valentziakoak ziren.
Ezkerraldeko zonaldean, ordea, ez dute gorpuzkirik topatu. 2021ean Aranzadik burututako bigarren prospekzioan, ezkerreko korridoreetan Espetxe Zentraleko presoak egotea baztertu zuten, Udalak komunikatu batean adierazi bezala: "banakako ehorzketak egon zirela egiaztatu zen, eta horien gorpuzkiak uneren batean beste leku batera eraman zirela, baina ez dakite horiek espetxeko biktimekin bat datozen".
Duintasunaren Kolunbarioa
Abenduaren 6tik 11ra iraungo duen indusketan gorpuzkirik aurkituz gero, Duintasunaren Kolunbarioan sartuko lukete. Gerra Zibileko eta frankismoaren 15 biktimen gorpuzkiak hobiratu dituzte bertan. Horietako 14 gorpuzki aurreko prospekzioan topatutakoak dira. Bestea, aldiz, Askuren (San Pedro) mendian aurkitutakoa.
Uztailaren 28an inauguratu zuen Urduñako Udalak Duintasunaren Kolunbarioa. Egitura hori eraikitzeko, 80.000 euroko dirulaguntza jaso zuen Gogoraren eskutik, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua.