Reuters albiste agentziaren bidez, nazioartean isla izan du Urduñan Frankismoaren errepresaliatuen gorpuzkiak topatzeko egindako indusketak. Esaterako, NOS Herbehereetako telebista publikoan jaso dute berria, eta portugaldarra erabiltzen duten zenbait ataritan. Ozeanoa ere zeharkatu du ekimenak eta The Denver Gazetten argitaratu dute.
Urduñako Udalak balorazio positiboa egin du kanpainari buruz. Ez bakarrik 53 pertsonen gorpuzkiak topatu direlako (saiatuko dira euren senideei itzultzen eta horretarako aukerarik ez dagoen kasuetan, Duintasunaren Kolunbarioan geratuko dira), baizik eta auzolan handiaren emaitza izan delako guztia.
Aranzadi Zientzia Elkartearen lana bultzatu dute Udalak, Gogora Institutuak eta hainbat boluntariok, 25 inguru. Azken hauek hilerriko lanetan lagundu dute. Halaber, erakundeak gogoratu du aukera izan dutela kanpaina egiteko hiriko 96 familiek baimena eman zutelako euren senideen horma hobiak mugitzeko, indusketak horien azpian egin baitira: "Udalak eskerrak eman nahi dizkie inplikatutako familiei beste behin ere, erakutsitako enpatia eta ulermenagatik".