Pasa den asteko ostegunean hasi zuten miaketa Laudioko Ertzain Etxeko agenteek Belandiako baserri batean, marihuana kukulu ugari topatu zituztelako barruan, plastikozko poltsa gardenetan gordeta. Ostiralera arte egon ziren tokian eta, poliziak adierazi duenez, guztira, hiru tona kalamu konfiskatu zituzten.
Laudioko ertzainek hasi zuten operazioa; baina, kargamentuaren tamaina ikusita, Arabako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuko (SICTA) agenteak hurbildu ziren eta euren gain hartu zuten ikerketa.
Atxilotu bat, baina aske
Aurkikuntzaren ondorioz, 44 urteko gizonezkoa atxilotu zuen poliziak eta osasun publikoaren aurkako delituak leporatu zizkioten. Edonola ere, epailearen aurretik igaro ostean, baldintzapeko askatasunean geratu zen, kautelazko zenbait neurrirekin.
Ertzaintzak jakinarazi du ikerketekin eta analisiekin jarraitzen duela. Besteak beste, substantziaren osaketa osasun-zerbitzuaren laborategietan aztertuko dute printzipio aktiboaren (THC) maila zehazteko.
Izan ere, joan den astean hedabide batek aipatu zuen atxilotuak argudiatu zuela topatutako marihuana ez zela toxikoa, hau da, CBD motakoa zela.