Maria Luisa Goikoetxea urduñarraren pazientzia agortu da Renferekin eta salaketaren bidea hartu du berriro. Hain zuzen, aste honetan EAJko hiru senatarirekin bildu da, eta helburua da Senatuan lantzea irisgarritasunaren egoera C-3 linean. "Ez dut gai hau politizatu nahi, alderdi gehiagok babesten badute ekimena, primeran", aipatu dio Aiaraldea Komunikabideari.
Goikoetxeak 2014an iktusa pairatu zuen eta orduz geroztik gurpil-aulkia behar du mugitzeko. Tratamendua jasotzeko Bilbora joan behar zenez astero, 2015ean hiru urteko borroka abiatu zuen eta lortu zuen Renfek garraio publikoa erabiltzeko baliabideak jartzea.
Bere irisgarritasun arazoak konpontzeko, programa pilotua jarri zuen abian Renfek 2018an, baina gaur egun berari bakarrik eskaintzen diote, eta ez beste inori.
Enpresak berak azaldu zion eskaintza hori programa pilotua zela, baina ia bost urteren ostean, berak bakarrik dauka eskubidea arrapalak erabiltzeko. "Jendeak azaldu dit bere senideei, zeinek behar eta premia bera duten, ez dietela aukera ematen baliabide hauek erabiltzeko. Sentitzen dut Renfek erosi nauela eta babestu ninduten herritarrei iruzurra egiten ari naizela", azaldu du Goikoetxeak suminduta.
"Ez dut pribilejiatua izan nahi"
Garraio publikoa erabili ahal izateko hainbat egitasmo abiatu zituen Goikoetxeak. Besteak beste, manifestazioa antolatu zuen eta 121.000 sinadura eraman zituen Sustapen Ministeriora, El Langui rap abeslariarekin batera.
Ahalegin horri esker, Renfek programa pilotua hasi zuen. Baina, lau urte baino gehiago igarota, enpresako Bilboko gerentearekin hitz egin zuen eta horrek berretsi zion arrapala egokituak baliatzeko aukera berak bakarrik duela C-3 linea osoan.
Hori entzutean, urduñarra egoeraren berri ematen hasi zen sare sozialetan eta EAJko hiru senatari (Rosa Peral, Maribel Vaquero eta Nerea Ahedo) elkartu dira berarekin aste honetan bertan, bere aldarrikapenak Madrilera eramateko.
Urduñarraren exijentzia argia da, Renfek unitate egokituak jartzea Bilboko zerbitzuan nahi duen orok trena hartzeko aukera izan dezan. "Esker hitzak baino ez ditut Renfeko langileentzat eta Bilboko gerentearentzat, beti laguntzen naute-eta, baina zerbitzu hori unibertsala izan behar da", aldarrikatu du.