Urduñako Udalak Arabako eta Bizkaiko foru aldundiei eskatu die Aiaraldetik Usansoloko ospitalera heltzeko zerbitzu zuzena egoteko egin beharreko kudeaketak egin ditzatela. Aiaraldeko Pentsiodunen Mugimenduak mozioa aurkeztu zuen Urduñako Udalean, ospitalera iristeko zuzeneko autobusa eskatuz.
Aho batez onartu zuten mozioa osteguneko osoko bilkuran EAJ eta EH Bildu udal taldeen aldeko bozkekin. Testuaren bidez, pentsiodunek Usansoloko Ospitalera joateko garraio publikoa ezarri dadin eskatzen dute. Izan ere, Aiaraldeko herritarren erreferentziazko ospitalea da baina ez dago eskualdetik bertara doan autobus propiorik.