Otsailaren 7an EAJk Espainiako Senatuko batzarrera eraman zuten Maria Luisa Goikoetxearen protesta, eta iragan otsailaren 22an Senatuak aho batez onartu zuen Espainiako Gobernuari aldiriko tren irisgarriak jartzea eskatzea. Jaso ziren 244 bozetatik denak izan ziren aldekoak.
Iktus baten ondorioz mugikortasun urritua du Maria Luisa Goikoetxea urduñarrak eta gurpil-aulkia behar du lekualdatzeko. Hiru urteko borroka luzearen ostean, 2018an lortu zuen Renfek garraio publikoa erabiltzeko baliabideak jartzea.
Proba pilotu moduan, Renfek arrapalak jartzen dizkio urduñarrari trena hartu behar duenean eta, ia bost urte igarota, egoerak berdin jarraitzen du: beste inork ez du baliabideok erabiltzeko eskubiderik C-3 linea osoan.
Urduñarra ez da amore ematekoa eta erabilia sentitzen zela salatu zuen duela aste batzuk, berak eskuragarri duen zerbitzu berdina behar duten gainerako erabiltzaileei zabaldu ez zaielako.
EAJko hiru senatari Goikoetxearekin elkartu ziren orduan, bere aldarrikapenak Madrilera eramateko asmoz. Otsailaren 7ko Senatuko batzarrean Maribel Vaquero EAJko senatariak gaiari buruz galdetu zion Garraio Ministro den Raquel Jimenezi, eta honek iragarri zuen esperientzia pilotua laster zabaltzeko asmoa zuela.
Hala ere, Goikoetxeak sare sozialetan salatu zuen berak mugikortasun autonomoa ahalbidetzen duten tren egokituak jar daitezen eskatzen duela, Espainiako estatuko beste leku batzuetan daudenak bezalakoak, ez arrapalak.
Otsailaren 22ko osoko bilkuran Espainiako Senatuak EAJk aurkeztutako mozioa onartu zuen aho batez eta, horren bidez, Gobernuari eskatuko dio aldiriko trenbideetan tren irisgarriak jar ditzala.
Maribel Vaquerok adierazi zuen mugikortasun irisgarria unibertsala izan dadin ontziratze eta lehorreratze autonomoa ahalbidetzen duten trenak jarri behar direla. EAJko senatariaren hitzetan, arrapalen sistema orokortzea “zaila eta ez oso errealista” da, geltoki kopurua eta behar duten biztanle guztiei estaldura emateko behar diren geltokiko langileak kontuan hartuta.
Horregatik, onartutako testuaren bidez, Senatuak bere eskumeneko garraiobideetan tren egokituak jartzeko eskatu dio Gobernuari eta, unitateak iritsi bitartean, gutxienez linea horietan Civia edo antzeko tren irisgarriak sar ditzala.
Horrekin batera, erabiltzaileek unitate irisgarrien irisgarritasun-baldintzak, maiztasuna eta ordutegiak ezagutzeko behar duten informazioa emateko neurriak hartzeko eskatu dio senatariak Gobernuari.