Pertsonen psikologian eta harremanetan murgiltzeko 12 istorio dakartza Arantza Alava idazleak bere azken lanean

Jone Gartzia Gerra 2023ko api. 7a, 12:00

Martxoaren 24an Radio Llodion aurkeztu zuen bere azken lana Arantza Alavak. / Iratxe Estrada - Radio Llodio

Hirugarren lana kaleratu berri du Arantza Alava Urduñako idazleak. ‘Viento sin norte’ (Mahor Ediciones, 2023) 12 kontakizunez osatutako prosa-liburua da eta, idazleak berak azalduta, aurreko lanak baino deskriptiboagoa da. Edonori gerta dakizkiokeen pasadizoak kontatzen ditu, pertsonen izaeran eta harremanetan murgilduz.

Arantza Alava (Bilbo, 1964) Urduñan bizi den idazlea da eta oso pozik dago kaleratu berri duen lanarekin eta honek jaso duen harrerarekin. 12 kontakizunek osatzen dute Viento sin norte, bere hirugarren literatur lana.

Izenburuak iradokitzen duen moduan, haizea da 12 narrazioak josten dituen haria. Kontakizunetako protagonistak noraezean daude horren ondorioz edo, beste era batean esanda, haien inguruak bultzatuta. “Ez daude gustura beren buruekin, ez dute egon nahi dauden tokian, galduta daude, baina ez dute esperantza galtzen”, azaldu du egileak.

Istorioak egunerokoan gerta daitezkeen pasadizoak dira. Hori dela eta, irakurlea erraz identifikatuko da pertsonaiekin. Narrazio askotan interpretaziorako tartea uztea erabaki du, nork bere irakurketa egin dezan.

Arantza Alavak urteak daramatza idazten, baina konfinamenduan eman zuen eginda zituen lanak publikatzeko lehen saltoa. Izan ere, Urduñako Udalak antolatutako mikroipuin lehiaketa bat irabazi zuen eta horri esker ezagutu zuen eskualdeko autoreen lanak sustatzeko asmoz jaio zen Mahor Ediciones Argitaletxea. Haren proposamenez Esencia urbana poema-liburua kaleratu zuen 2020an. Hurrengoa 2021an atera zuen, baina orduan prosara jauzi eginda. 25 narrazio bildu zituen Peces de terraza lanean eta harrera oso ona jaso zuen.

Oraingoa ere prosazko lana da eta poesia idazten jarraitzen badu ere, zalantzati dago genero horretan lan gehiago publikatu ala ez, uste duelako esparru horretan publiko gutxi dagoela eta oso zorrotza dela. Askok esan omen diote ez dutela bere poesia idazten. Nobelaren bat idatziko ote duen ere askotan galdetu diote, eta inoiz planteatu du, baina momentuz kontakizun laburretan eroso dagoela azaldu du: “Uste dut ondo ematen zaidala eta horretan hobetzen ari naizela”.

Pertsonen psikologia eta nukleo txikietako harremanak

Idazle moduan, harreman nukleo txikietan gertatzen diren harremanak eta pertsonen izaera-kontuak dira bere inspirazio iturria, eta idazketa prozesua bera esperimentazio eta bilaketa prozesutzat hartzen du. Intuizioak laguntzen dio bide horretan, eta horregatik gustatzen zaio narrazio laburrak idaztea nobelak baino. Azaldu duenaren arabera, nobela bat idaztean intuizioak leku gutxi dauka, dena ondo planifikatu behar delako akats larririk egin nahi ez bada. Bestela, gerta liteke hilabeteetako lanaren ostean blokeatzea eta ordura arte idatzitako guztiak ezertarako balio ez izatea.

Kontakizunetan, ordea, intuizioak jolaserako aukera gehiago ematen dio, eta gustura dago leku horretan. Horrek ez du esan nahi arinkeriaz idazten duenik edo azalean geratzen denik; kontrara, pertsonen arteko harremanen tolesturak sakon aztertzea gustatzen zaio eta, Alavak berak azaldu duen moduan, itxuraz soila dirudien testu baten atzean dirudiena baino askoz lan handiagoa dago.

Berak urtebete eman du egunean lauzpabost ordu eskaintzen liburu honi. Idazkera xumea duen arren, “gordina bezain fina” da bere lana, hala esan dio irakurle batek. Viento sin norte lana Peces de terraza baino deskriptiboagoa dela azaldu du eta pertsonaien psikologian asko sakondu duela. Nabarmena da deskripzio eta elkarrizketa gehiago dituelako eta, ezinbestean, narrazio gutxiago jaso dituelako: 12, 25en beharrean.

Martxoaren bukaeran publikatu zuen Viento sin norte Mahor Ediciones argitaletxearekin eta egun bertako dendan eros daiteke, baina beste edozein liburu-dendan ere, aurrez eskatuta. Gainera, laster Elkarren dendetan eskuragarri egotea espero du Alavak.

Apirila bukaeran hasiko du liburuaren aurkezpen erronda. 21ean Fuenlabradako (Madril) Kultur etxera joango da, azala egin duen argazkilaria bertakoa baita. Maiatzaren 12an Basauriko Kultur Etxeko areto nagusian aurkeztuko du Viento sin norte eta 19an bizilagunen aurrean egoteko aukera izango du, Urduñako Museoan egingo duten aurkezpenean. Oraindik konfirmatuta ez badaude ere, aurkezpen gehiago egingo dituela uste du egileak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide