Urtero bezala hitzordu bikoitza jarri du Urduñako Jai-Alai Pilota Elkarteak Otxomaio jai egitarauaren barruan, baina berritasun ugari ekarri dituzte aurten esku artean. Maiatzaren 7ko jaialdiak sortu du ikusmira handiena, eta frontoia betetzea espero dute antolatzaileek.
Berritasun ugari
Beste urte batzuetan baino aurrekontu txikiagoa tarteko, Pilota Elkarteak eta Urduñako Udalak beste aukera batzuk aztertzeari ekin zioten, gizonezkoen profesional mailako partiden ordez. Gauzak horrela, buelta bat eman diote lehenengo asteburuko jaialdiko kartelari eta oso pozik agertu dira emaitzarekin.
Lehenik eta behin, pilota jaialdia egunez aldatzea erabaki dute. Aurreko urteetan txupinazo egunean ospatu izan dute, baina jendea frontoira erakartzeko unerik egokiena ez zela onartuta, aurtengoan igandean ospatuko dute, maiatzaren 7an.
Sarreren prezioa ere merketu egingo dute. “Sarrera sinbolikoa jarriko dugu; bazkideentzako hiru euroan eta ez bazkideentzako bostean. Herriari eta gazteei zuzendutako ekitaldi bat izatea nahi dugu”, adierazi du Karrak, Jai-Alai Pilota Elkarteko kideak.
Maila-altuko partidak
Hiru partida jokatuko dituzte maiatzaren 7ko jaialdian. Elite mailako emakumezkoen partidak jarriko dio goi-mailako puntua igande arratsaldeari. Bertan Arrizabalaga-Oses bikoteak Aldai-Gaminde bikotea izango du aurrez aurre. Bigarren partida Garfe enpresaren eskutik antolatu dute, eta gaur egun bigarren planoan dauden goi-mailako gizonezko pilotariak jarriko ditu frontoian: Retegi Bi-Merino II ArteagaII-Garmendiaren aurka.
Baina ikusmira handiena sortu duen partida tokiko pilotarien erakustaldia izan da. “Koroatze jaietan antzeko zerbait antolatu genuen eta egundoko arrakasta izan zuen”, azaldu du Karrak. Hain zuzen ere, partidak aurrez aurre jarriko ditu Gorostizaga-Ripa eta Karra-Odei bikotea. Lau pilotarietatik bakarra ari da gaur egun pilota biziekin lehiatzen, baina, Aiaraldea Komunikabideari adierazi diotenez, partida “intentsoa eta luzea” aurreikusten dute. Giroa "bero” dagoela aitortu du Karrak. Ikusmira horri eutsi eta giro-apartaz gozatu nahi dute: “Gure helburua jende gaztea afrontoira erakartzea da”.
Jaialdia borobiltzeko tokiko-produktuekin osatutako saski baten zozketa ere egingo dute.
Haurren txanda
Otxomaioetako bigarren asteburuan Urduñako Pilota Eskolako ikasleak izango dira pilotalekuko protagonistak. Maiatzaren 14an partidak jokatuko dituzte, eta horrekin emango diote amaiera denboraldiari. Pilota Elkartetik partida hauetaz ere gozatzeko gonbitea egin diete herritarrei.
Afizioa indartsu
Pilotazaletasuna indartsu ikusten dute Urduñako Pilota Elkarteko kideek: “Azken urteetan espazioa berreskuratzen ari da”, goraipatu dute. Pilota-eskola hauspotzen jarraitzeko asmoari heldu diote, baina ekintza berriak ere badituzte buruan; hala nola, pilota goxuen txapelketa bat.