Urduñako Eskola Publikoko lehenengo guraso elkartea hautatu dute Otxomaioetako pregoilari izateko.
Etxosi Bordes: Mezu elektronikoa jaso genuenean, ezin sinisturik geunden: nolatan guri? Gerora ikusi genuen lehenengo guraso elkarteari egiten ziola erreferentzia, eta orduan hobeto ulertu genuen izendapenaren zergaitia. Oso aitortza polita izan da, harrotasunen jaso dugu gonbitea. Urduñako Eskola Publikoko lehenengo guraso elkarteak hamaika ekimen egin zituen bere garaian, eta horrek errekonozimendua behar zuen. Oso polita da hainbeste borrokatu zuten guraso horiek omentzea.
Gaur egungo Guraso Elkarteko kideok nolabaiteko ikerketa lana egin zenuten, lehenengo elkarteko kideak identifikatzeko.
E.B.: Oso azkar egin behar izan genuen bilaketa. Eskolarekin jarri ginen harremanetan, baina datu gutxi zeuden garaiko guraso elkartearen inguruan. Aktetan ez zen ezer zehatzik jasotzen, hainbat izen atera genituen baina Eskola Kontseiluko kide ohiak ziren, ez Guraso Elkartekoak.
Nekane Garcia: Lehenengo promozioetako orlak begiratzen hasi ginen orduan. Gazte horietako asko eskolako guraso dira orain. Galdetzen eta hariak lotzen Javirenganaino iritsi ginen, bera izan zen guraso elkarteko lehenengo lehendakaria.
Zure izena identifikatu ostean, nola jaso zenuen zuk pregoiaren albistea?
Javier Ortega: Ni asko harritu ninduen. Ez nuen ezagutzen pregoilaria aukeratzeko jarraitzen den prozedura. Antza, bozketa bat antolatzen da Udalaren bidez. Nik ez nekien ez bozketa existitzen zenik, ezta emaitza zein izan zen ere ez. Sorpresa atsegina izan zen.
Zuretzat ere sorpresa izango zen.
Esther Ruiz: Nirea sorpresa erdia izan zen. Izan ere, nik parte hartu nuen bozketan, baina nik gaur egungo Guraso Elkartearen alde egin nuen (barreak).
"Ilusio handiarekin ekin genion bideari. Elkarlan handia zegoen familien, maisuen eta langileen artean"
Nola gogoratzen dituzue Guraso Elkartearen hastapen horiek?
J.O.: Ilusio handiarekin ekin genion bideari. Elkarlan handia zegoen familien, maisuen eta langileen artean. Aduanako eraikinean abiatu genuen eskola 1989-1990 ikasturtean, eta 1995era arte egon zen bertan.
Guraso Elkartea sortu zenean ‘Gurasoak’ izena jarri genion. Hasierako urteetan lan asko geneukan, baina eskola sortu aurretik ere lan asko egin behar izan genuen. Eskola sortu genuenetik behin betiko eraikina izan arte, asko borrokatu behar izan ginen. D ereduaren alde ere asko mugitu behar izan ginen, hori zen gure helburu nagusia, euskara hutsezko eskaintza bat sortzea hirian.
Otxomaioetan parte hartze aktiboa izan du beti Guraso Elkarteak.
J.O.: Lehenengo urte horietan ekin genion Otxomaioetan txosna jartzeari. Txupinazo eguneko lehenengo txosna txanda eskolako irakasleek egiten zuten, eta oker ez banago, oraindik ere egiten jarraitzen dute. Lehenengo txosna Aduana barruan jarri genuen. Bertatik bildutako dirua eskolako gastuak eta ikasleen ekintzak ordaintzera bideratzen genuen. Ekintza asko eskainzten ziren eskolan: psikomotrizitatea, barnetegiak…
E.R.: Boleibol taldea osatzeko, adibidez. Urduñako Eskolako Taldea Arabako txapeldun izatera iritsi zen 1990eko hamarkadan. Bi helburu genituen txosna jartzen hasi ginenean; herrian erreferentzia lortzea eta ikastetxearentzako dirua biltzea. Gainera uste dut lortu genuela ere txosnaren izaerari ere buelta bat ematea; giro familiarra eta atsegina sortzen da eskolako txosnan.
E.B.: Gaur egun Otxomaioetako txosna manetntzen dugu. Horrez gain, umeen bazkaria ere antolatzen dugu maiatzaren 9an; gainera, azken bi urteetan lortu dugu Txefosetako guraso elkarteak ere aktiboki parte hartzea bazkariaren antolaketan.
Eta otxomaioetatik haratago, zer ekarpen egiten du Guraso Elkarteak Urduñako hirian?
E.B.: Guraso Elkarteak hiriko dozenaka ekintzetan hartzen du parte: txokolatadak, Olentzero eta Maridomingiren kalejirak…
Iratxe Murias: Guraso Elkarteak lehenengo elkartearen bide berdinetik egiten du aurrera. Bere helburua argia da; ikasle guztiei ikastetxeko ekintza guztietan parte hartzeko aukera ematea, inolako bereizketarik gabe. Gainera, zorionez, jarduera asko dituen eskola da gurea. Hori dela eta, funtsezkoa da Guraso Elkartearen papera.
N.G.: Guraso Elkartean parte hartzea boluntarioa da, baina Urduñako Eskola Publikoan ia guraso guztiak dira bertako kideak, elkarteak ikastetxeari eta hiriari eragiten dion onura oso agerikoa delako.
E.R.: Erreferentziarena ere oso faktore garrantzitsua izan da beti Guraso Elkartean. Urduñako Eskola Publikoa zerbait ezezaguna zen herrian, aurretik ezer ez zegoen tokian ari ginen proiektu bat eraikitzen. Gu izan ginen lehenengoak Agate Deuna, Inauteriak edota Korrika bezalako ekimenak hiriko kaleetara ateratzen.
Pentsatu duzue pregoian zer esango duzuen?
J.O.: Oraindik ez, baina zerbait laburra izango da. Txupinazoaren zain daudenak ez daude egundoko hitzartze bat jasotzeko prest (barreak).
N.G.: Eskola Publikoaren aldeko mezua izango da. Gure seme-alabek gaur egun jaso dezaketen heskuntza eredua jasotzeko gure aurrekoek egindako lana goraipatuko dugu.
E.R.: Ritxar atezainari ere aipamen txiki bat egin beharko diogu. Eskolaren lehenengo urteetan egundoko ekarpena egin zuen.
"Urtez urte haziz doa Eskola Publikoaren proiektua. Guraso Elkartea ere indartsu dago"
Eta nolako etorkizuna aurreikusten duzue?
E.B.: Etorkizun oparoa sumatzen diot nik. Urtez urte haziz doa Eskola Publikoaren proiektua. Guraso Elkartea ere indartsu dago: guk orain utziko dugu elkarteko gidaritza, baina honezkero badugu erreleboa. Familia baten modukoa da eskola, beti dago norbait laguntzeko prest.
N.G.: Seme-alabei parte-hartzeko eredu oso polita ematen ari garela uste dut ere. Proiektu oso interesgarrietan hartu dugu parte; hala nola, patioaren birnaturalizazioan. Ikasleek ikusten dute nola ari diren euren gurasoak lanean eta borrokan, eta hori oso polita da.
E.R.: Urduñak eta euskarak merezi zuten guk abiatutako bidea, eta etorkizunak ere merezi du.
I.M.: Guk aurrekoen lekukoa hartu dugu, eta aurrera egiteko indarra eta ilusioa soberan ditugu.