Urduñako Otxomaio jaietan arituko zarete datorren maiatzaren 13an. Gogotsu zaudete? Zer eskainiko duzue kontzertuan?
Oso gogotsu gaude Urduñako Otxomaioetan aritzeko. Abeslari berria daukagu eta zuzenekoa oso potente dator. Orain arte bezala, sorpresa ugari ditugu prest Urduñako zuzenekorako ere. Gonbidatu asko elkartuko ditugu eszenatokian; musikariak eta baita dantzariak ere.
Zortzigarren diskoaren grabaketan zaudete murgilduta. Lan berriko zerbait aurreratuko duzue Urduñako kontzertuan?
Prestatzen ari garen zenbait abesti berri joko ditugu noski, baita abesti zaharrak ere. Azken hauen kasuan moldatu egin ditugu, gure azken laneko estiloarekin bat egin dezaten. Lova Loisen ekarpenak ere eraldaketa ekarri du Esne Beltzaren abesti ezagunengan ere. Irrikaz gaude hauek guztiak taularatzeko.
Disko berriaren grabaketa ez da nolanahikoa izaten ari; kolaborazio andana, Rafa Sardina ekoizlearen lana… Nolako emaitza aurreikusten duzue?
Orain arte grabatutako diskorik zailena ari da izaten, eta prozesua luzea izango da. Alde batetik, zuk esan bezala, Rafa Sardina produktore ospetsuarekin ari gara azken lana grabatzen; bera Los Angelesen dago eta gu hemen, horrek korapilatu egiten du guztia (barreak).
Gainera, proiektua bidaia bat bezala irudikatu dugu, herrialde desberdinetako musika estilo berriak sartuko ditugu bertan, eta, horrekin batera, kolaborazio asko eta asko ari gara grabatzen. Musika estilo desberdinak Euskal Herriko musikarekin fusionatu nahi ditugu. Beti ere nondik gatozen ahaztu gabe, eta euskara eta gure sustraiak erdigunean jarriz.
Martxoa eta apirilean kontzertu bira egin duzue. Nabaritu duzue publikoaren berotasuna?
Bai, erabat! Jendea oso gogotsu dabil. Hilabete batzuk generamatzan jo gabe, eta guk ere asko eskertu dugu itzulera. Zeid Festen izan ginen, eta orain Viña Rockera goaz, kontzetu bereziak izango dira zalantza gabe. Maiatzean, Urduñan ez ezik, Matienan edota Lazkaon ere izango gara.
Lehen aipatu bezala, kide berriak ere batu dituzue Esne Beltzaren proiektura, tartean Lova Lois. Zer berritasun eskaintzen dio Esne Beltzari?
Esne Beltzak hasieratik nahastu du rapa eta musika elektronikoa euskal musikarekin, eta horrekin aurrera jarraitzeko Lova Lois zen pertsonarik egokiena. Genero aldetik er eikuspegi berri bat eman digu, eta gogoa sartu digu guztioi. Sukalde lan handia egin dugu taldea indartzen, eta uste dut emaitza oso ona dela.
Zeintzuk dira Esne Beltzaren arrakastaren osagai nagusiak?
Urte asko dira plazaz plaza, baina uneoro ari gara gauza berriak ikertzen eta estiloak nahasten. Ez dugu sekula ahazten nondik gatozen, eta uste dut sustrai horiek direla proiektuaren arrakastaren funtsetako bat.
Zer esango zeniokete Otxomaioetako kontzertuarekin zalantzan dagoen norbaiti?
Zalantzarik ez izateko. Asko gozatuko dugu Urduñan. Betikoa bezain ezberdina den Esne Beltza bat ikusiko dugu eszenatokian!