Jai giroak astinduko ditu Urduñako bazterrak maiatzaren 5ean, eta dardarak 14ra arte jarraituko du. Askotariko jarduera eta ikuskizun kulturalak antolatu dituzte Kultura Batzordeko eragileek. Ohiko lehiaketa gastronomiko, kirol-jarduera, erakustaldi eta ikuskizunez gain, aurten Urduñako Kuadrillak elkarteak antolatutako kuadrillarteko jokoak eta mozorro lehiaketa egongo dira. Musika emanaldien artean nabarmentzekoak dira Dupla, Esne Beltza, Akerbeltz, Burbuilak, Gwaya Reggae, Placton Plays Tick eta La Resistencia orkestra.
Dupla, Esne Beltza, Akerbeltz, Burbuilak, Gwaya Reggae, Placton Plays Tick eta La Resistencia orkestrarenak dira musika emanaldi esanguratsuenak.
Maiatzeko lehen ostiralean emango diote hasiera hamar eguneko egitarau oparoari. Urduñako Eskola publikoko lehen guraso elkarteko kide izandako Javier Ortegak eta Esther Ruizek irakurriko dute pregoia eta txupinazoaren jaurtiketaz Loraldi Emakume Elkarteko kideak arduratuko dira.
Hamar eguneko festa giroa
Behin jaia leherrarazita, Bihotzaren eta erraldoi eta buruhandien kalejira musikatuak zabalduko du festa giroa Urduñako kale guztietan zehar. Gau horretan bertan, Akerbeltz erromeriaz eta disko jartzaile batez gozatzeko aukera egongo da.
Hurrengo egunean, maiatzaren 6an, lehiaketa gastronomiko bikoitza izango dute Urduñan: XIV. Patata Tortilla Lehiaketa eta IX. Paella Lehiaketa. Askotariko musika emanaldiak, dantzaldiak eta kirol jarduerak antolatuko dituzte egun eta gau osoan zehar; baina, zalantzarik gabe, ekintza berritzaileena Urduñako Kuadrillak elkarteak estreinakoz antolatutako kuadrillen arteko herri kirolak izango dira.
Eskola publikoko lehen guraso elkarteko kideak eta Loraldiko emakumeak izango dira pregoilari eta txupinera.
Jaietako lehen igandean, maiatzaren 7an, bolo txapelketak, txistulariek, pilotariek eta swing doinuek hartuko dute Urduña, eta bide emango diote egun handiari, hots, Otxomaio egunari. Maiatzaren zortziko goiz goizean hasiko dira Antzinako Andra Maria omentzeko ekitaldiak santutegian, eta hirian ere kale-dinamizazioa eta musika emanaldiak egongo dira iluntzera arte.
Biharamunean egitarauak ez du etenik izango: Arrastariako agintarien erromesaldia, meza nagusia, trikitilariak, puzgarriak, buruhandiak eta batibonba, haurrentzako herri bazkaria eta diskofesta egongo dira, besteak beste.
Asteazkenetik ostegunera bai, programazio ofizialak atseden emango die urduñarrei, maiatzaren 12an indarberrituta itzul daitezen. Ostiral horretan saskibaloi partidak, batukada, kuadrillen afaria eta kontzertuak egongo dira eta hurrengo egunean hipikaz eta arrantzaz gain, kaleko jai giroaz gozatu ahal izango da, bai eta aurresku eta fandango lehiaketaz ere.
Maiatzaren 14an emango diete amaiera otxomaio jaiei bigarren putxera lehiaketarekin. Haurrentzako mendi irteera, zaldiz ibiltzeko aukera, Santa Zezilia bandaren kalejira, esku pilota partidak eta Festamentua ikuskizuna egongo dira azken egunean. Nabarmentzekoa da Kuadrillen elkarteak mozorro lehiaketa antolatu duela 17:30ean eta, ohi legez, 21:00etan erreko dutela Bihotza.
Urduñako Udalaren web atarian irakur daiteke programazio osoa.
Jaiak euskalduntzera bidean
Otxomaioko jaietan euskararen presentzia gero eta handiagoa izan dadin, Urduñako Udalak zenbait ekimen jarri ditu martxan azken urteetan. Iaz txosnaguneko hizkuntza-irizpideak landu zituzten lehen aldiz, “idatzizko zein ahozko elementuetan eta musikan euskararen presentzia bultzatzearren”.
Aurten beste aurrerapauso bat eman dute ekintza herrikoietako esatariak euskaldunak izate aldera. Kirol eta kultura elkarte antolatzaileei esatari euskaldunak jartzeko eskaria luzatu diete. Horrez gain, “jai-egitarauko euskarazko musika kontzertuen eskaintza handia” goraipatu du Udalak.