Ekitaldi politikoa egin zuen atzo EAJk Urduñako udal hauteskundeetako zerrenda aurkezteko. Batzokian aurkeztu zituzten zerrendakideak, Iñaki Cuadra azken urteetako alkategaiak eta Iñigo Iturrate parlamentariak lagunduta.
Iker Santocildes izango da EAJren alkategaia Urduñan eta jeltzaleek Bizkaiko hiriko alkatetza berreskura dezaten ahaleginduko da. “Urduñak pairatutako hamabi urteko autoritarismoa” deitoratu du eta azpimarratu du “Urduñarako proiekturik onena” dela eurena.
Iñigo Iturratek zerrendakideen prestakuntza eta prestutasuna azpimarratu zituen. Adierazi zuen jende gaztea baina oso prestatua direla, eta Urduñara “aire freskoa” eramateko gogotsu daudela. Herritarrekin lan egiteko gaitasuna eta gainerako erakunde publikoekin dituzten harremanak azpimarratu zituen, eta Eusko Alderdi Jeltzalearen indarguneak gogorarazi: “Indarra, efikazia eta zintzotasuna”.
Iñaki Cuadra ere egon zen ekitaldian, azken hiru legegintzaldietan Urduñako alkategai izandakoa. Aurten Bizkaiko Batzar Nagusietan izango da hautagai.