Barrez zein negarrez agurtu dituzte Otxomaio jaiak, Bihotza erreta

Txabi Alvarado Bañares 2023ko mai. 14a, 22:00

Hileta irudikatzeko kalejiraren ostean eman diote su jaietako pertsonaiari, eta hainbat haur eta nerabe sartu dira gero plazako piloian. 

Amaitu dira Urduñako Otxomaio jaiak. Iluntzeko bederatzietan abiatu dute Bihotzari agur esateko kalejira. Ohikoan bezala, tristura eta alaitasuna uztartu dituzte, hileta umoretsua irudikatuta.

Hiriko kale nagusiak zeharkatu ondoren iritsi dira Foru plazara, eta orduan eman diote su Bihotzaren panpinari, petardo zaparrada ozena piztu ostean. Jarraian, hainbat haur eta nerabe animatu dira piloian bainatzera. 

Udalak, balorazio positiboa

Festen balorazio positiboa egin du Urduñako Udalak. Lehen asteburutik egondako parte hartze zabala goraipatu du tokiko erakundeak, jende asko bertaratu dela nabarmenduta. Tortilla eta paella txapelketan, adibidez, inoiz egondako parte hartzerik handiena egon zen.

Bigarren asteburuan, aldiz, eguraldia kaskartu egin da, baina horrek ez du jende kikildu. "Larunbatean giro handia egon da herri bazkarian eta Esne Beltzaren kontzertuan plaza topera egon da, nahiz eta euri azpian egon", azaldu du Itziar Biguri alkateak, "gaurko egunean, aldiz, putxerak izan dira protagonistak. Eguraldi kaskarra egon arren 62 putxera egon dira eta oso giro polita sortu da plazan".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide