Zer da aurtengo jaietarako prestatu duzuena?
Egoitz Larrieta Uribe: Azken finean, urteroko egitarauari eutsi diogu. Aurten irailak 8 barikua da, beraz, jarduera guztiak asteburu bakar batean bilduko ditugu. Barikuan mezaren ostean jokoak, txokolatada, buruhandiak eta bestelakoak egingo ditugu.
Zapatuan, berriz, ohiko mendi-martxa, tortilla lehiaketa, musika eskaintza… Gualdetxu MBT taldeko kideak etorriko dira haurrentzako duatloian laguntzera.
Ostiral zein larunbat gauetan Urduñako bi DJ etorriko dira, DJ Juanma eta DJ Ra.
Nola bizi dituzue zuek Antiguako jaiak?
E.L.U.: Gure aitona-amonek edo gurasoek transmititutako zerbait da. Txikitatik egon gara auzoan parte hartzen. San Juan gauean, esaterako, betidanik lagundu izan dugu muntaketan.
Irati Garcia Arbaizagoitia: Antiguako jaietan ere txikitatik parte hartu dugu: txokolatea banatu, buruhandiak atera… Ardurak hartzen jarraitzen dugu oraindik ere.
Jai Batzordeko kideak zarete biak. Badago belaunaldi aldaketarik?
E.L.U.: Oraindik ere gure gurasoak daude antolakuntzan.
Gu biokin btera auzoko beste bi haur ere badaude, baina gazteegiak dira oraindik. Lan egiterako orduan, ordea, jende gehiago bertaratzen da; beti dago auzokideren bat laguntzeko prest.
Zer garrantzia dute jaiek Antigua bezalako auzo batentzat?
I.G.A.: Auzokideak elkartzeko unea da. Jende guztia ateratzen da bere etxeetatik, amona guztiak elkartzen dira kalean… Oso polita da hori ikustea.
Asko aldatu dira Antiguako Jaiak urteen poderioz?
E.L.U.: Aspaldi santutegiaren atzekaldean ospatzen ziren jaiak. Nire aitak nahiko gaztea zenean bertan ezagutu zituen. Hainbat urtez jaiak geldirik egon ziren, ez ziren ospatzen, ez dakigu zergatik. Berreskuratu zirenean, Iratiren aitonak, Patxik, gaur egungo tokira jaitsi zituen, santutegiaren behekaldera.
I.G.A.: Santutegitik festak jaitsi zirenean bi txosna jartzen ziren, orain, berriz, bakarra. Urteren batean ere bigantxak ekarri egin zituzten. Urtez urte aldatuz doazen jaiak dira Antiguakoak.