UrduFolk jaialdiak eta Koroatze jaiek alaituko dute Urduña iraileko lehenengo bi asteburutan

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko abu. 31a, 08:00

Urtez urte geroz eta entzutesuagoa egiten ari da UrduFolk jaialdia. / Aiaraldea.eus

Asteburu biziak datoz Urduñara irailaren hasierarekin batera. UrduFolk jaialdiak eta Koroatze jaiek musikaz beteko dituzte hiriko kaleak. Sensei Music Ensamble eta Goxua n' Salsa izango dira entzun ahalko diren taldeetako batzuk. Jaialdiaren antolakuntzak adierazi du zenbait ekintza Herri Eskolan egingo dituztela, eguraldi txarraren ondorioz.

Ikasturte berriari gogoz helduko diote Urduñan. Izan ere, UrduFolk jaialdia eta Koroatze jaiak ospatuko dituzte iraileko lehenengo bi asteburutan, hiriko kaleak musikaz betetzeko asmoarekin.

UrduFolk jaialdia

Irailaren 1ean ekingo diote UrduFolk jaialdiaren edizio berriari. Ohitura bilakatu den bezala El Trasno bandako gaiteroek kalejira batekin inauguratuko dute, urtez urte geroz eta entzutetsuagoa bilakatzen ari den folk jaialdia. Kontzertuak 21:15ean hasiko dituzte eta Alex Lopez amurrioarraren Sensei Music Ensamble banda izango da, ofizialki, jaialdiari hasiera ematearen arduraduna, Guadi Galego taldearekin batera.

Larunbaterako -irailak 2- egun osoko egitaraua prestatu dute. 10:00etan tokiko produktuen azoka egingo dute Foru Plazan, eta 13:00etan Matraka Culinary Center familientzako euskarazko ikuskizuna eskainiko dute.

19:00etan El Trasno taldea gaiten kontzertu batekin taularatuko da Foru Plazako eszenatokian. Iluntze horretako kontzertuak, aldiz, Guillen Anguera Quartet eta Goxua N’ Salsa izango dira, 21:15etatik aurrera.

Koroatze Jaiak

UrduFolk jaialdiarekin batera Koroatze jaiak ere ospatuko dituzte irailaren 3an eta 10ean. Irailaren 3an XXIII. Marmitako Txapelketa ospatuko dute Foru Plazan, Igel Abestokia Txokoak antolatuta. Lehiaketa gastronomikoa Bizkaiko Txapelketaren barruan egongo da kokatua, eta parte hartzaileak 9:00etan hasiko dira lapikoak prestatzen.

Irailaren 10en VIII. Euskal Kanta Herrikoien topaketa egongo da. Bertan, Laudioko Arloteek eta Bi Hotsak abesbatzak, Deustoarrak Abesbatzak, Ugarte otxote amurrioarrak eta Urduñako Oilarrak taldeak hartuko dute parte; Jose Laña zuzendariaren gidaritzapean egongo den Santa Zezilia musika bandarekin batera.

Hemen kontsultatu daiteke egitarau osoa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide