“Jolasen bidez hilekoaren zikloa eta gure gorputzen funtzionamendua ikustea eta ezagutzea” da Asteburu Gorriaren helburuetako bat. Horretarako, “maitasunean eta alaitasunean oinarritutako” metodologia didaktikoak eta jolas ludikoak baliatuko dituztela azaldu du Yolanda Martin terapeutak.
“Jolasen bidez hilekoaren zikloa eta gure gorputzen funtzionamendua ikustea eta ezagutzea” da Asteburu Gorriaren helburuetako bat
Horrez gain, “norberaren maitasunean oinarritutako errespetuaren eta autozaintzaren aldeko pentsamoldeak” sustatu nahi dituzte entzutearen eta elkarrizketaren bidez, eta neskatoek “gaiaren inguruko jakin-nahiekin eta zalantzekin enpatizatzea maila biologikoan, animikoan zein psikologikoan”.
Bigarren edizioa
Iaz antolatu zuten lehen Asteburu Gorria Tertangan, eta esperientzia “oso ederra” izan zen parte-hartzaile guztientzako, Martinen aburuz. Aiaraldea Komunikabideari azaldu dio haur zein guraso guztiak oso pozik atera zirela, giro polita egon zela eta askok aurten errepikatu nahi zutela. Hala ere, esperientzia ezagutzen ez zutenei eman diete lehentasuna plazak betetzerako orduan.
2017an Esti Urresola eta Ane Uriarte laudioarrek Lunáticas izeneko lantegia egin ostean proposatu zioten Adi Emakumeak elkarteko kideek Yolanda Martini nerabeei zuzendutako proiektu hau egitea. Izan ere, Lunáticas emakume helduei zegoen zuzenduta eta Urduñako elkarteari garrantzitsua iruditu zitzaion “txikitatik gure gorputza ezagutzen, errespetatzen eta maitatzen ikastea”.
Dinamizatzaileak
Hiru egun emango dituzte 9 eta 12 urteko hamasei neskato inguruk Tertangan heziketa menstruala jasotzen. Bertan Yurena Perez eta Yolanda Martin izango dituzte bidelagun. Perez diziplina arteko artista da, aktorea, pailazoa eta animazio soziokulturaleko goi-mailako teknikaria. Martin, aldiz, gestalt terapeuta da eta emozioen kudeaketa-prozesu zein berdintasun-proiektuetako gidaritzan eta laguntzailetzan dihardu.
Irailaren 22ko 18:30etik 24ko 17:00ak bitartean haiek arduratuko dira ginkanak, tailer didaktiko eta sortzaileak edo autoezagutza eta konfiantza jolasak antolatzeaz, besteak beste.
Eskola publikoarekin lankidetzan
Urduñako eskolarekin harremana dutenez, hilerokoarekin lotutako hainbat ekimen egin dituzte bertan. Iaz mural bat margotu zuten, liburutegian apal gorria jarri zuten, mutilekin tailer bereziak egiten dituzte, eta iazko egonaldiko parte-hartzaileek beren esperientziak partekatu ahal izan zituzten klasekideekin, gehienak urduñarrak baitziren.
Aurten ere zenbait ekintza egiteko asmoa dute asteburuko esperientziak sozializatzeko, argazki erakusketaren bat, esaterako.
Azken plazak
Gehienez 9 eta 12 urte bitarteko hamasei neskatok hartu dezakete parte. Dagoeneko hamalauk eman dute izena eta, hortaz, bi plaza baino ez dira geratzen libre. Izena eman nahi dutenek edo informazio gehiago jaso nahi dutenek 677 210 466 telefono zenbakian egin dezakete. Hiru eguneko egonaldiaren prezioa 50 eurokoa da eta Tertangako aterpetxean izango da.