2021eko ekainean abiatutako ekimena bihar burutuko du Txarlazo Mendi Taldeak. Izan ere, duela bi urte baino gehiago hasi ziren lanean eskalada ataleko kideak boulder edo rokodromoa prestatzeko ideiarekin eta bihar 11:00etan aurkeztuko dute zale eta interesdunen aurrean.
Eraikina, berez, udal higiziena da eta tokiko erakundeak laga die lokala, Lanbide Heziketako ikastetxe ohiaren sotoan. Astelehenetik aurrera egongo da erabiltzaileen esku kirol azpiegitura -irudian ikus daitekeen rokodromoaz gain, gimnasio txikia ere badago- eta bi aukera egongo dira; edo mendi taldeko bazkide egitea edo eguneko sarrera erostea. Biak webgunean kudeatu beharko dira astelehenetik aurrera.
Giltzak Lupardika tabernan edota Alondegian jaso beharko dituzte kirolariek.
Ohiko jarduera horretaz aparte, bestelako helburuak dituzte Txarlazo kideek: "Boulderraz aparte, eskalatzaileentzako bilgune bat izatea nahi dugu, eta hurrengo hilabeteetan ikastaroak, umeentzako ekintzak eta irteerak egin nahi ditugu".
Eskalatzaileak zorionekoak dira eskualdean, aurten Urduñako boulderra ez ezik, martxoan Laudion ere ireki zuten eta.