Urriaren 6an hasiera eman zioten Urduñako Alondegian antolaturiko 'Alondegia Xtrem, mendi fest' zikloari. Luxuzko gonbidatu batekin hasi zuten jarduera maratoia. Izan ere, Manaslu mendira egindako espedizioa izan zuen hizpide Alex Txikonek; alpinista bizkaitarrak 2022ko neguan eta oxigenorik gabe eskalatu zuen munduko zortzigarren gailurra, alpinismoaren historian mugarri berri bat jarriz. Anekdotentzako eta etorkizuneko proiektuentzako tartea ere eskaini zuen solasaldian.
Aurretik, Loraldia elkarteko kideek ibilbide botanikoa eskaini zuten hiriko plaza eta kaleetan barrena. Gainera, argazki erakusketa atondu dute Alondegiko areto nagusian.
Baina 'Alondegia Xtrem' zikloa hasi besterik ez da egin, Azaroaren 12ra arte hainbat jarduera eta hitzaldi egingo dituzte; hala nola, boulderraren aurkezpena, filmeen proiekzioa edota Urduñako emakume kirolariekin solasaldia.