Hilabete bakan daramatzazu Urduñako alkatetzan. Zer moduz joan dira?
Bost hilabete daramatzagu alkatetzan, eta lurra hartzeko baliatu dugu orain arteko denbora. Egunero ikasten dut zerbait berria, Udalean egunero gertatzen delakoz zerbait berria.
Gure proiektuari dagokionez, gauza txikietan zentratzen ari gara batez ere. Proiektu handiei dagokienez, igerilekuaren birgaitzean eta plazari lotutako ordenantza berrian gaude murgilduta, azken hori datorren urtearen hasieran plazaratu nahi dugulako. Baina batez ere gauza txikietan aritu gara: zaborrontzien kokalekua aritzea, mantenu lanak egitea hirian…
Gauza txiki horiek aurretik zenituzten pentsatuta egitea, edo behin Udalera sartuta ikusi duzue horiek egikaritzeko beharra?
Bagenituen jada buruan. Guk uste dugu Urduñak inbertsioa behar duela, baina baita mantenua ere, eta lehen urte honetan azken horretan zentratuko gara, hor jarriko dugu dirua eta bestelako ikuspegi bat emango diogu Urduñari. Ikasketa gela ere ireki genuen pasa den hilabetean, eta ondo funtzionatzen ari da, egunero dago irekita, eta pozik gaude horrekin.
“Gure asmoa da Foru plaza oinezkoentzat izatea, osorik”
Foru plazari dagokionez, azterketa bat abiatu duzue Urduñarren mugikortasun ohiturak ezagutzeko. Zein da zuen asmoa?
Gure asmoa da plaza oinezkoentzat izatea, osorik. Uste dugu ez duela zentzurik zati bat oinezkoentzat izatea eta beste bat trafikora irekita egotea. Horregatik, trafikoa kontrolatu nahi dugu jarrita dauden kamerekin, horietako batzuk aldatu behar ditugun arren, gaizki jarrita daudelako.
Oinezkoek beti izango dute lehentasuna, horrela izan delako azken hogei urteetan. Plaza irekiko dugu, trafikoa kontrolatuz egoteko denbora muga bat ezarrita. Hasieran malguak izango gara ordenantzarekin, bertan bizi ez direnei ere sarbidea baimenduz. Baina dugun asmoa da urteen poderioz malgutasun gutxiago izatea eta, une batean, plazara bertan bizi direnak soilik sartu ahal izatea. Hori da gure asmoa.
Zenbateko epean aurreikusi duzue prozesu hori garatzea?
Ordenantza orain plazaratuko dugu eta Udal Osoko Bilkuran onartuko dugu gero. Hemendik bi hilabetera izango dugu behin betiko dokumentua. Baina kamerak jada jarri nahi ditugu martxan, hilabete bateko proiektu pilotua abian jartzeko, herritarrak kontzientziatzeko, batez ere. Nik uste dut urtebetean datuak ikusi eta erabakiak hartzen hasi ahalko garela.
“Uste dut igerilekuko obra 2025. urtean egitera iritsi gaitezkeela”
Igerilekuei dagokienez, zein da zuen asmoa?
Nik uste dut obra 2025. urtean egitera iritsi gaitezkeela. Behin bideragarritasun proiektua izanda, lizitazioa aterako genuke, proiektua, obra zein azpiegituraren esplotazioa esleitzeko. Gure asmoa da administrazio kontzesio bat egitea. Gero agian azterketa ikusita ondorioztatu dezakegu ez dela aukerarik onena, baina gure lehenbiziko asmoa hori da. Igerileku olinpikoa birgaitu nahi dugu, eta jolaserako igerileku bat atondu.
Memoria historikoaren gaiak zeresana izan du Urduñan azken urteetan. Zein da zuen asmoa esparru horretan?
Orain arteko lanarekin jarraitzea. Batzorde bat egingo dugu memoria jorratzen duten erakundeekin, Juanjo EH Bilduko zinegotziekin, Jon gure zinegotziarekin, Joseba Egigurenekin… pausuz pausu jarraituko dugu bide hori jorratzen.
Renferekin ere bildu zinen tren zerbitzuaren gabezien inguruan hitz egiteko. Zer moduz joan zen bilera?
Ugaoko alkatearekin joan nintzen. Gai historikoak jarri genituen mahai gainean: gau-jaia zerbitzua, funtzionamendua, trenen antzinatasuna… urratsak ematen jarraituko dugu, gau-jaiaren gaian batez ere. Zerbitzu horri lotuta nahiko argi utzi ziguten ez zeudela urratsik emateko prest, eta uste dut horretan jarri behar dugula indarra. Nire ustez, eskualde osoak eman behar ditugu urratsak, denok batera.
Udal ordenantza fiskal berriak onartu dituzue. Horiei lotuta, EH Bilduk proposatu zuen etxebizitza hutsei %50ko errekargu ezartzea, alokairu merkatuan sartu daitezen. Zuek ezezkoa eman zenioten proposamen horri, baina alokairua errazteko beharra ere jarri zenuten mahaigainean hauteskundeetan. Zein da, orduan, Urduñan etxebizitzen alokairua errazteko bidea?
EH Bilduk proposatu zuen aukera bazegoen gure buruan ere, beste herri batzuetan ere egiten ari direlako. Ez egitearen arrazoia bada ez dagoela horretarako baliabiderik. Zoritxarrez, ez dugu mota horretako kudeaketak egin dezakeen jenderik. Gainera, EH Bilduko kideek eurek egiten zieten erreferentzia 2016an onartutako Foru Arauari. Hau da, aukera izan dute urte hauetan moldaketa horiek indarrean jartzeko, eta ez dute egin. Ulertzen dut niri proposatzea, baina egoera berdinean gaude.
“Uste dut buelta bat eman behar diogula Alde Zaharrean dauden orube hutsei”
Zer egin dezakegun alokairuaren gaia bideratzeko? Uste dut buelta bat eman behar diogula Alde Zaharrean dauden orube hutsei. Ez soilik zonalde horrek erakutsi beharko lukeen irudi turistikoagatik, baita orube horiei eman beharko litzaiekeen erabileragatik ere. Gure proposamenetako bat zen Ondasun Higiezinen Zerga igotzea orube hutsei, eta horretarako ordenantza bat prestatu dugu. Eraikuntza sustatu nahi dugu horrela, edo lurrak Eusko Jaurlaritzari lagatzea.
Bi etxebizitza bloke eraikitzen ari dira uneotan. Baina, zoritxarrez, ez dugu etxebizitza publikoak egiteko Laudiok edo Amurriok izan dezaketen gaitasuna. Horiek dira emango ditugun urratsak: orube hutsei zergak igotzea eraikuntza sustatzeko eta, modu horretan, irudi turistikoa zein alokairuaren egoera hobetzeko.
Parte hartze eredu berria ezartzea ere planteatu zenuten. Zein urrats emango dituzue esparru honetan?
2023an ez dugu denborarik izan gauza askorik egiteko, baina gustatuko litzaiguke arratsalde batean udaletxea irekita egotea eta ni zein zinegotziak bertan egotea herritarrei arreta eskaintzen. Aurrekontu parte hartzaileak ere sustatu nahi ditugu, diru-partida bat gordeta (20.000 euro ingurukoa) herritarrek egiten dituzten proposamenak bideratzeko.