Hutsik dauden orubeei zergak igo dizkiete Urduñan, “eraikuntza sustatzeko”

Txabi Alvarado Bañares 2024ko urt. 10a, 19:00

Alde Zaharrean orube huts ugari daudela aipatu du alkateak. / Aiaraldea.eus

Industriako orubeen presio-fiskalarekin parekatu dute, %0,362ko karga tasarekin. Modu horretan, lursail horietan etxebizitzak (besteak beste) eraikitzea sustatu nahi du tokiko erakundeak.

Aldaketak egin ditu Urduñako Udalak Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ). Hutsik dauden orubeen gaineko presio fiskala handitu du tokiko erakundeak, % 0,362ko karga tasa ezarriz, industriako lursailen dutenarekin parekatuz.

Modu horretan, hutsik dauden lurasailetan eraikinak eraikitzea sustatu nahi du Udalak, etxebizitzak, besteak beste. Hala azaldu zion Iker Santocildes Perez alkateak Aiaraldea Komunikabideari, urte amaieran eginiko elkarrizketan. Gobernuburuaren arabera, hainbat orube huts daude hiriko Alde Zaharrean, eta ez dute itxura onik ematen turismoari begira eta beste zeregin batzuetarako baliatu beharko lirateke, etxebizitzak eraikitzeko kasu.

Hobariak

Hala ere, hainbat hobari ere izango ditu OHZk. Zergaren erdia ordaindu beharko dute eguzkitik datorren energia aprobetxatzeko azpiegiturak dituzten higiezinek, instalazioa egin eta hurrengo bost urteetan. Eraikinen Energia Ziurtagiria duten azpiegiturek ere deskontua izango dute, eta baita urteko errenta 40.000 eurotik beherakoa duten familiek ere. Zehazki, %90ko hobaria ezarriko zaie 20.000 euro baino gutxiago jasotzen dituzten sendiei, %50koa 30.000 eurotik beherakoei eta %25koa 40.000 eurotara iristen ez direnei. 

Autoen zergetan ere hobariak

Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergan ere ezarriko dituzte hobariak. %30ko deskontua izango dute 25 urte edo gehiagoko antzinatasuna duten ibilgailuen jabeek, “baldin eta ibilgailu klasikoak edo zaharrak hedatzea eta sustatzea helburu duen elkarte bateko kide badira”. 0 isuritako eranskailua dutenek, aldiz, %75ko hobaria izango dute, “ibilgailuaren balio berria 45.000 eurokoa edo erosketa-datan salmenta-balioa 9.000 eurotik beherakoa bada”. ECO eranskailua dutenek, aldiz, erdia ordaindu beharko dute, “ibilgailuaren balio berria 40.000 eurotik beherakoa bada edo erosketa-datan salmenta-balioa 8.000 eurotik beherakoa bada”. 

Udalak zehaztu duenez, hobaria bost urtera mugatuko da, “lehengo matrikulaziotik hasita”. Hala ere, iragarri dutenez, deskontua “birplanteatu” egingo dute hirian erroldatutako autoen %20a onuraduna izatera pasatzen bada noizbait.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide