Cerro Torre, Patagoniako gailurrik enblematikoena, eskalatu berri du Tasio Martin urduñarrak. Txilen egiten ari den egonaldi luzea baliatu du Martinek mendi hori igotzeko. Horretarako, Marc Toralles sokakidearen laguntza izan du. Toralles izan zen, hain zuzen ere, Himalayako Zanskar eskualdean Txoria txori (760m, 7a+) bidea irekitzeko aldamenean izan zuen kidea. Bi lagunen sokara Ignacio “Nacho” Mulero eskalatzailea batu zitzaien azken unean.
“Urteak neramatzan mendi honetan pentsatzen. Edozein alpinistaren ametsa da horra igotzea”, azaldu dio Tasio Martinek Aiaraldea Komunikabideari. Urtarrilaren 12an zapaldu zuten hiru eskalatzaileek tontorra, Filo Sureste-ko bidea jarraituz.
Bide historikoa
Cerro Torreko bide ezagunetako bat erabili zuen Martinen taldeak gailurrera iristeko. 1970an Maestri alpinista italiarrak jarraitutako bidea izan da. Orduko hartan gas-konpresore bat erabili zuen Maestrik Patagoniako horma ezagunena eskalatzeko, eta pareta iltzez beteta geratu zen ordutik Via del Compresor goitizena irabaziz. David Lama eskalatzaile ospetsuak burdin gehiago iltzatu zituen hego-ekialdeko horman 2010ean, bertan dokumental bat filmatzen ari zela.
Hori dela eta, eztabaida handiak sortu dituen bidea izan da urte luzez, harik eta 2012an Hayden Kennedy eta Jason Kruk eskalatzaileek Cerro Torre eskalatu osteko jaitsiera aprobetxatu zuten arte iltze guztiak behin betiko kentzeko, eztabaida betirako isilaraziz.
Martinek, Torallesek eta Mulerok estilo alpinoan egin diote aurre horma ospetsuari, noiz eta Cerro Torrera estilo alpinoan egindako lehenengo espedizioak 50 urte betetzen dituen urtean.
Eguraldiaren tregoa laburra
Hainbat egunez materiala prestatu ostean, urtarrilaren 9an abiatu ziren hiru sokakideak gailurraren bila, soinean bost egunetarako janaria eta materiala zeramatela. “Gure helburua Filo Sureste-ra igotzea zen. Cerro Torreko oso bide mitikoa eta nahiko zaila da. Gehienbat arroka da bere osotasunean, baina baditu tramo mistoak ere. Izotzean erabat eskalatu behar den zati luze bat dauka, oso oso zaila. Daukan bereizgarririk handiena, “Headwall” deitzen dioten azken horma da: Granito bertikalez osaturiko 150-200 metroko eskalada, oso laua eta zuzenean tontorrera eramaten zaituena”, azaldu du Martinek.
Glaziarrean barreneko huirbilketaren ostean, bigarren egunean iritsi ziren hormaren oinera. Bidean espero baino elur eta izotz gehiagorekin egin zuten topo alpinistek, eta martxa asko moteldu zien horrek.
Eguraldiak tregoa oso txiki bat eskaini zien hiru sokakideei, eta hura aprobetxatu zuten gailurrera jotzeko: “Aurreko egunetan oso eguraldi txarra egin zuen, prezipitazio asko jauzi ziren eta dena elurtuta aurkitu genuen, elur freskoa”.
Bigarren gaua Col de la Paciencian eman zuten eta bertatik ikusi ahal izan zuten aurretik zuten bide guztia elurrez josita izango zutela: “Oso klima propioa dago Torrem, hodeia sartzen da, mendia besarkatzen du eta oso eguraldi makurra sortzen da”.
Ezinbestekoa zuten eguraldi ona izan zuten lagun hirugarren egunean: “hormaren bi herenak igo eta Ice Towers delako puntuan lo egitea zen gure asmoa. Bertaraino 18 luze izan genituen 6b eta 6c maila artekoak, David Lamak liberatutako 7c/8a mailako largoa ere igo genuen egun horretan, baina guk bariante originaletik egin genuen, eskalada artifizialean igotzen den fisura batetik, alegia”.
Izotz demasak baldintzatuta, espero baino beranduago iritsi ziren lo egin nahi zuten tokira. “Gaueko bederatzietan iritsi ginen Ice Towers ingurura. Oso berandu zen eta ez dira ordu onak non lo egin bilatzeko. Horrelako eskaladetan normalean 18:00etarako lo-zakuan egotea gustatzen zaigu —azaldu dio urduñarrak Aiaraldea Komunikabideari—. Arista oso txiki bat topatu genuen, eta bi ordu eman genituen pioletarekin izotza puskatzen bertan denda montatu eta lo egiteko. Lekua ikaragarria zen, 1.000 metroko amildegi baten gainean”.
Tontorra gertu
Azken egunean eta hiru ordu lo eginda, tontorraren bila joan ziren eskalatzaileak. Izotz-eskaladan igo beharreko bi luzeren ostean, 'Headwall' famatura iritsi ziren, 400 metroko granitozko hormatzar bertikala. Honela deskribatu du Tasio Martinek Cerro Torreko azken txanpa: “Eguzkiak elurra urtu zuen, baina arroka bustita topatu genuen. Lau luzek osatzen dute 'Headwall', lehenengoa ez hainbeste, baina hurrengo hirurak 6c, 7a+ eta 7b mailakoak ziren, nahiko zailak eta beldurgarriak. Kostatu zitzaigun pasatzea, baina gainditu genituen. Brutala izan zen eskalada hori, oso berezia izan zen bertan egotea”.
Urtarrilaren 12ko 16:30ean zapaldu zuten Cerro Torreko tontorra., eguraldiak eskainitako su-etena amaitzear zela. Hodeiak erori zitzaizkien gainera eta Patagoniako haizea gogor jotzen hasi zen jaisteari ekin ziotenean. “Bi ordu rapelatzen generamatzala erori zitzaigun marroia gainera. Oso haize zakarrak harrapatu gintuen. Oraindik ere mila metro genituen rapelatzeke. Hemen Patagoniko haizeak beldur handia ematen du. Rapel laburrak egiten hasi ginen, soka bakarrekoak. Soka nonbaiten trabatuz gero, arazo larri batean sartu zaitezke”, azaldu du Martinek.
Urtarrilaren 13ko 11:00etan zapaldu zuten glaziarra eta El Chalten herrira itzulera abiatu zuten, bizitako esperientziaz “harro”.