Agate Deuna bezpera baliatuta, kantuan atera ziren Urduñako kintoak larunbatean. Foru Plazatik abiatu ziren goizean goiz, eta Larruazabalgo, Arrastariako eta Saratxo inguruko herri eta baserriak bisitatu zituzten, lau taldetan banaturik.
Urduñako Gazte Asanbladako kideek prestatu zieten bazkaria, eta hasi zuten leku berdinean eman zioten bukaera kantu errondari. Egunean zehar bildutako dirua martxoaren 2an ospatuko duten Kintoen jairako baliatuko dute 2006an jaiotako gazteek.