Julio Medemek Ocho filma grabatzeari ekingo dio astelehenean Urduñan eta horrek eragina izango du Antiguako paseoan 07:00etatik 19:00ak arte. Trafikoa etengo dute, baina ez hiru minutu baino gehiagotan aldi bakoitzean. Dena den, litekeena da etorkizunean etenaldi gehiago egin behar izatea.
1931n abiatzen den pelikularen errodajean murgilduko da zinemagile donostiarra. Ocho deituko da pelikula zortzi sekuentzia planotan kontatuko duelako emakumezko eta gizonezko baten istorioa 90 urtetan zehar.
Antzezle protagonistak Ana Rujas eta Javier Rey izango dira. Rujas La mesías ('Los Javis' sortzaileen azken telesaioan) agertu da protagonismo handiarekin. Reyk, aldiz, Fariña telebista saioko pertsonaia nagusia hartu zuen bere gain.
Ibilbide oparoko zinemagilea
Julio Medem zuzendari berri onenaren Goya saria jaso zuen 1993an, Behiak filmagatik, eta bere hurrengo lanek ere kalitate bikaina izan zuten, erotismoa, surrealismoa eta berezko mundua islatuz. 2003an hautsak harrotu zituen Euskal pilota: larrua harriaren kontra dokumentalagatik.
Ez da Medem Urduñara hurbildu den zinema industriako kide bakarra. Duela urtebete baino gutxiago Dani Rovira ere ibili zen hirian El bus de la vida filma grabatzen.