Urduñako harresia berreskuratzeko lanak bisitatu dituzte Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek

Txabi Alvarado Bañares 2024ko ots. 23a, 09:45

Jaurlaritzak 675.000 euroko diru-laguntza eman dio tokiko erakundeari harresia zaharberritzeko, Berpiztu programaren barruan. 

Aurrera doaz Urduñako harresia berreskuratzeko lanak, Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntzaren bidez. 675.000 euro eman zizkion erakunde horrek Udalari obrak egikaritzeko 2022 eta 2023an, Berpiztu programaren barruan. Andra Mari parrokiaren eta harresiaren artean parke bat sortzea da Udalaren asmoa, bertako ondare historiko eta arkitektonikoari balioa emateko. Eszenatoki bat, pasabide bat eta lorategi bat eraikiko dituzte horretarako. 

Lanen bilakaera gertutik ikusteko bisita egin zuten astelehenean Eusko Jaurlaritzako eta Udaleko ordezkariek. Bertan egon ziren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu den Bingen Zupiria eta Urduñako alkate Iker Santocildes, besteak beste. 

Zupiriak azpimarratu zuen Urduñako hiria “toki oso esanguratsua” dela historikoki. Gauzak hala, oso garrantzitsutzat jo zuen sailburuak “ondare historikoa berreskuratzea eta balorean jartzea”, eta “denon artean” egin beharreko lana dela nabarmendu zuen, erakunde ezberdinen lankidetzarekin eta herritarren inplikazioarekin. Bide horretan kokatu zituen Jaurlaritzaren Kultura 2028 Plan Estrategikoa edota Aiaraldeko Lehentasunezko Jarduera Eremuko inbertsio plana. 

Urduñako alkateak, bere aldetik, Eusko Jaurlaritzak eginiko ahalegina eskertu zuen, "Urduñako ondare historikoa balioan jartzeko eta bertan bizi diren pertsonei eta bisitariei gure iragana eta historia ezagutzeko aukera eskaintzeko".  

1997an izendatu zuten Urduñako harresia Babes Bereziko Kultura Ondasun, Monumentu Multzo kategoriarekin. Bertan parkea eratzeko proiektua, aldiz, 2022an aurkeztu zuten.

Argazkiak: Irekia Eusko Jaurlaritza

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide