Motorren kontzentrazio batekin itzuliko da Aefat Jaialdiaren II. edizioa

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko api. 4a, 07:00
Iazko edizioan bezala kontzertuak izango dira protagonista. / Aiaraldea.eus

Maiatzaren 31n eta Ekainaren 1ean ospatuko dute II. Aefat Jaialdia, Ataxia-Telangiektasia gaixotasun arraroaren kontrako ikerketa finantzatzeko asmoarekin. Berritasun ugari txertatu dituzte egitarauan.

Maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean ospatuko dute Urduñako Aefat Jaialdiaren II. edizioa. Duela bi urte antolatu zuten ekimena lehendabizikoz, Ataxia-Telangiektasia gaixotasun arraroaren kontrako ikerketarako dirua biltzeko asmoz. Lehenengo edizio hartan 5.500 euro batu zituzten, eta balorazio positibo horretatik ekin diote bigarren jaialdia antolatzeari.

Motorren elkarretaratzea, aurtengo berritasuna

II. edizioko berritasun nagusia ekainaren 1ean egingo duten motorren kontzentrazioa izango da. Iragan otsailaren 29tik dago zabalik bertan parte hartzeko izen ematea, eta inskripzioarekin batera, zapi oroigarria eta paella jana jasoko dute motor-zaleek.

Horrez gain motorren aparkaleku zaindua edota aterpean lo egiteko aukera ere eskainiko du antolakuntzak, arratsalde eta iluntzeko egitarauaz gozatzeko ere.

Musika eskaintza protagonista

Motorren kedadak ez ezik, bestelako hamaika ekintzek ere osatuko dute jaialdiko egitaraua: Zumba, haurrentzako jolasak, buruhandiak… Asko dira ere antolakuntzan lagunduko duten talde eta eragileak: Izaskun del Cerro, Erauntsi Dantza Taldea, Getxa Goi Txistu Taldea, Bihotza Konpartsa, Urduñako ibilgailu klasikoen elkartea, El Pilón, Loraldi Elkartea, Marmitaren Elkartea, Nafarroa Kanta, Batture Batukada, Urduñako Korala eta Santa Zezilia Banda beste askoren artean.

Duela bi urte egin bezala, musika eskaintza zabala izango du jaialdiak eta larunbat iluntzeko kontzertuak izango dira protagonistak. Oholtza gainetik Mario Malatestta eta la Excavadora bandak igaroko dira, Bon Scott Revival Show taldearekin batera; azken hau AC/DC rock banda australiarren bertsioak egiten dituen talde ezaguna da.

Jai-giroa luzatzearen ardura, ordea, Urduñako artista batena izango da. Elena Barker Synthetika kolektiboko kidearen musika elektronikoak itxiko du Aefat jaialdia.

Lan boluntarioa

Kepa Vallejok, Ataxia-Telangiektasia pairatzen duen Hodei gazte urduñarraren aitak, asko eskertu du gaixotasun arraro honen ikerkuntzaren alde eskualdean burutu diren elkartasun ekimenak. "Zorionez, jendea oso solidarioa da eskualde honetan, eta Hodeiren diagnostikoa jaso genuenetik, gurekin eta Aefatekin batera aritu dira Ataxia-Telangiektasi ikertzeko borrokan. Hemen Urduñan, Amurrion eta eskualde osoan era guztietako ekitaldi solidarioak antolatu dira. Zorte handia da hemengo jendearekin kontatzea, badakitelako ezin dugula bakarrik borrokatu eta ikerketarako funts publikorik ez dagoela", azaldu du Vallejok.

Antolakuntzan buru-belarri dauden pertsonei eskerrak eman nahi izan dizkie bereziki Vallejok: "Aitor Lanseros, Iñigo Santocildes eta Jorge Ugalde boluntarioki ari dira guztia antolatzen dena primeran atera dadin eta ikerketarako dirua bildu ahal izateko”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide