Kopako finala Aiaraldean

Athletic Clubeko Errege Kopa hartu duen aiaraldearraren istorioa

Aitor Aspuru Saez 2024ko api. 8a, 07:30

Joseba Urruela Sevillan Athletic Clubak lortutako Errege Koparekin.

Joseba Urruela urduñarrak une politak eta gogorrak bizi izan zituen Sevillako Errege Kopako finalean. Radio Euskadiko zuzeneko saioan lan egin zuen, baina pasarte garratz guztiak ahaztu zituen garaikurra esku artean izan zuenean.

Athleticzale amorratua izanda, Joseba Urruelak eginkizun berezia izan zuen Athletic Clubak jokatutako Errege Kopako finalean. Izan ere, Radio Euskadiko soinu teknikari gisa joan zen Andaluziako hiriburura bi erronka zailekin: bere lana ondo egitea eta bere taldea irabazten ikustea.

Gainera, biak bete zituen, baina une latzak bizitza. "Oso urduri egon naiz aurreko egunetan, lanagatik, baina baita Athleticeko zale naizelako", aitortu du urduñarrak. Luzapena, penaltiak, garaipena... Baina berarentzat ardurak ez ziren hor amaitu: "Aurreikusita genuen 2:00ak arte zuzeneko emisioa egitea, eta azkenean 3:00ak arte iraun zuen".

Dena den, aparteko ordu horrek sari berezia eman dio Urruelari. Hain zuzen, 3:00etan, gune mistoan (hau da, jokalariak adierazpenak egiteko erabiltzen duten tokian) dozena bat kazetari baino gutxiago geratzen ziren, Urruela bera horien artean. Gauzak horrela, Janire Fragua ETBko kazetariak iradoki zien klubeko arduradunei kopa erakustea han geratzen zirenei.

Esan eta egin. Klubak Errege Kopa hartzea eskaini zien geratzen ziren komunikazio langile apurrei (oro har Athletic Clubeko egunerokotasunaren berri ematen dutenak) eta Joseba Urruela pribilejiatu horien artean egon zen. Gainera, zorte on apur bat gehiago izan zuen Urruelak: "Athleticeko argazkilari ofizialak eskatu zigun horma baten aurrean egitea argazkia, hor jartzen baitzuen Sevillako finala zela, eta horri esker nik pixkat gehiago eutsi nion, neuk eraman bainuen haraino".

Klubak Errege Kopa hartzea eskaini zien geratzen ziren komunikazio langile apurrei (oro har Athletic Clubeko egunerokotasunaren berri ematen dutenak) eta Joseba Urruela pribilejiatu horien artean egon zen

Zirrara berezia

Zale eta langile moduan sufrikarioa pairatu ondoren, Errege Kopa esku hartean izatea saria ederra izan zen Joseba Urruelarentzat: "Lehenetarikoa izan nintzen hartzen eta zirrara berezia sentitu nuen. Nire bizitzako egun garrantzitsuenen artean dago. Izugarri hunkitu nintzen, poz-pozik nengoen, baina baita nekatua ere, lan gogorra egin eta gero. Pisutsua da, baina niretzat ohorea izan zen jokalariek ukitu ostean hartzea".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide