Urduñako 23. Gazte Eguna antolatuko du Urduñako Gazte Asanbladak datorren apirilaren 13an. Iragan urtarrilean belaunaldi berriekin loturak estutu eta indarberriturik ekin zioten hiriko gazteek Urduña astintzeari. Orduz geroztik hainbat ekintza antolatu dituzte, eta larunbat honetan Gazte Asanbladaren urteko hitzordurik garrantzitsuenari helduko diote berriro ere.
“Gazte Eguna guretzako oso egun berezia da, ilusioz eta gogoz bizi duguna. Izan ere, urteetan zehar gure ahotsa aldarrikatzeko aukera paregabea eskaini digu, eta gure borroka eta lana herriari aurkezteko aukera eman digu”, azaldu diote Gazte Asanbladako kideek Aiaraldea Komunikabideari. Euren iritziz, Urduñako mugimendu sozial eta kulturalaren parte garrantzitsua da udaberriko hitzordua: "horregatik, gure indar eta gogo guztia jarriko dugu Gazte Eguna elkartasunez eta pozez beteriko eguna izan dadin”.
Egun osoko egitaraua
Hainbat jarduera prestatu dituzte, eta goizetik gauera luzatuko da egitaraua. Egunari hasiera emateko, haurrentzako jolasak eta grafiti tailerra antolatuko dituzte Foru plazan. Eguerdian triki-poteoak alaituko ditu hiriko kaleak. Bazkari herrikoia egingo dute jarraian, eta bazkalostea bingo musikatuarekin girotuko dute. Arratsaldean ekitaldi nagusia egingo dute eta, eguna borobiltzeko, musika eskaintza zabala taularatuko dute.
“Gustatuko litzaiguke jende guztiari gurekin eguna ospatzeko gonbidapena luzatzea", adierazi dute asanbladako kideek, "baina ez dugu gonbidapen hau bakarrik egun horretara mugatu nahi; Urduñako gazteria urtean zehar egiten ditugun ekintzetan aktiboki parte hartzera gonbidatu nahi dugu ere. Gure indar eraldatzaileak batuz, herriaren aldeko gauza ugari egin ditzakegu. Jarraitu behar dugu herria lantzen, etorkizuna loratzeko”.
Hogeita hiru gazte egun
Aurten 26 urte beteko ditu Urduñako Gazte Asanbladak. Urtez urte hiriko hainbat belaunaldiren erreferente izan dira udaberriaren etorrerarekin batera ospatzen dituzten Gazte Egunak. Hiritik kanpo ere, Aiaraldean oihartzun handia izan du egun honek, eta asko dira data horretan eskualdeko gainontzeko herrietatik Urduñara bertaratzen diren gazteak.
Aldarrikapena eta festa uztartzen ditu Urduñako Gazte Asanbladak gazte egunetan. 2007an merkatu zaharreko Gazte Lokala eraitsi ostean, gazteentzako espazio autogestionatuak aldarrikatzeko bozgorailu izan dira egun hauek. Hain zuzen ere, 2012ko gazte egun arrakastatsuaren biharamunean okupatu zuten 2021era arte hiriko Gaztetxea izandakoa.
2020ko pandemiak bertan behera utzi zuen Urduñako 22. Gazte Eguna izan behar zena. Baina orduko hartan ere ez zioten ospatzeari uko egin. Urduñako zein Aiaraldeko gainontzeko herrietako gazteek modu birtualean disfrutatu zuten urteroko zitaz:
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!