"Urduñako Gazte Asanbladari indar asko geratzen zaio oraindik, eta gauza politak egin ditzakegu datozen urteetan hirian"

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko urt. 31a, 13:56
Gazte ugari elkartu ziren urduñako lanbide heziketa eskolan. / Urduñako Gazte Asanblada

Urduñako Gazte Asanblada hiriko gazte belaunaldi berrietara hurbiltzeko topaketa egin zuen iragan ostiralean. Asanbladako kideak "oso pozik" azaldu dira hitzorduak izandako harrerarekin. Behin gazteen inplikazioa lortuta, hilabetero ekintza bana antolatzeari ekingo diote orain, ohiko jarduna mantentzeaz gain.

Azken urteetako inertziak irauli eta belaunaldi berriak aktibatzeko asmoz, bilera irekia antolatu zuten Urduñako Gazte Asanbladako kideek iragan urtarrilaren 26an. "Indar handia galduta" ikusten zuten asanblada orain arte bertako kide izandakoek; "hainbat ekintza ezin izan ditugu aurrera atera azken urteetan gazteen inplikazioa eta parte hartzea oso txikia zelako", azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari.

Inplikazio faltaz harago ere, hiriko gazte belaunaldi berrien artean Gazte Asanbladaren eta honek egindako ibilbidearen inguruko ezjakintasuna ere oso handia zela ohartarazi zuten Gazte Asanbladan.

Elkar ezagutu eta indarrak batu

Asanbladarekiko ezjakintasuna gainditu eta kide berriak batzeko helburuarekin, belaunaldi desberdinetako gazteak batzeko ahalegina egin zuten Urduñako Lanbide heziketako eraikinean iragan ostiralean egindako bilera irekian. "Gazte Asanbladaren helburuak zeintzuk ziren eta urteetan egindako lana zein izan den belaunaldi gazteei erakusteko baliatu genuen hitzordua. Elkar ezagutzeko eta proposamen berriak jasotzeko aukera paregabea zela ikusi genuen ere", nabarmendu dute Asanbladako kideek.

Hitzorduak izandako harrerarekin oso pozik agertu dira Urduñako Gazte Asanbladako lagunak: "Hainbat kuadrilla gazte bertaratu ziren eta oso grio atsegina sortu zen. Proposamen ugari bildu ziren. Gazteak oso motibatuak eta inplikatzeko gogoekin ikusi genituen".

"Ikusten dugu gazteek badutela herriaren alde lan egiteko eta inplikatzeko gogoa"

Berriro ere martxan

Urtarrilaren 26ko aurkezpenaren ostean berriro ere martxa hartu du Urduñako Gazte Asanbladak. Kide berriak batu dira taldera, eta askoz gehiago dira ekarpena egiteko prest agertu direnak. "Ikusten dugu gazteek badutela herriaren alde lan egiteko gogoa", azaldu dute asanbladako kideek.

Hilabetero ekintza bat antolatzeko konpromisoa hartu dute, eta otsailean antolatuko dute lehenengoa: mus txapelketa. Horrez gain, urte luzez Gazte Asanbladak egindako ekintzak mantenduko dituzte ere.

Asteburu honetan, esaterako, kintoei bazkaria eskainiko diete eta inauterietan gazte guztiak batera mozorrotzeko gai komun bat jarri dute: Olinpiar jokoak. "Urduñako Gazte Asanbladari indar asko geratzen zaio oraindik, eta gauza politak egin ditzakegu datozen urteetan hirian", goraipatu dute.

Ibilbide oparoa

Hogeita sei urte beteko ditu aurten Urduñako Gazte Asanbladak, eta urte hauetan guztietan ibilbide oparoa jorratu du hirian gazteak antolatzeko espazioak eskainiz. Aisialdirako hamaika ekimen prestatu dituzte, horien artean arrakastatsuenetako bat udaberrian antolatutako Gazte Egunak izan dira.

Gazteentzako espazioak eskaintzeko ahalegin horretan gaur egun Alondegia kokatzen den lekuan zegoen merkatu zaharrean zabaldu zuten Gaztetxea, harik eta 2007ko urtarrilean Urduñako Udalak eraikina eraitsi zuen arte. Bost urtez Gaztetxerik gabe egon ostean, 2012an alde zaharreko erakin berri bat okupatu zuten, eta bertan eman zioten segida jardunari.

Orotariko ekintzak antolatu zituzten bertan: kontzertuak, hitzaldiak, eskalada txapelketak, auzolanak... 2021ean, ordea, modu mugagabean eten behar izan zuten Gaztetxearen erabilera eraikinaren egoera estrukturalaren ondorioz. Eten hori bukaera ez zela aldarrikatu zuten Urduñako gazte Asanbaldatik, eta gaur egun indarberrituta jarraitzen dute aurrera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide