Urduñako tabernan zauritua izan zen emakume batek kolpatu zuen ertzaina salatu du

Aitor Aspuru Saez 2024ko api. 16a, 11:00
Kolpeak eragindako ubeldura.

Lesio fisikoak ez ezik, antsietate krisialdia ere izan zuen 26 urteko emakumezkoak eta larrialdietan artatu behar izan zuten.

Ez da amaitu larunbat gauean Urduñan Ertzaintzak egindako esku-hartzeak sortutako soka luzea. Borraz jo zuen ertzaina salatu du 26 urteko emakumezko batek.

Gazteak Amurrioko Etengabeko Arreta Gunera joan behar izan zuen artatua izatera eta ubeldurak tratatzeko botikak eta ansiolitikoa eman zizkioten, antsietate krisialdia ere izan baitzuen.

Ertzaintzak igandean bertan zabaldu zuen bere bertsioa eta atzo zenbait herritarrek berea adierazi zioten Aiaraldea Komunikabideari. Emakumezkoaren lekukotzak ere ez du bat egiten poliziak zabaldutakoarekin.

Sarekada

Salaketa jarri duen urduñarrak azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari BECen jaialdi batean egon ostean itzuli zela hirira eta azken garagardoa hartzeko asmoz, irekita zegoen taberna bakarrera joan zela. 

Ostalaritza establezimenduan sartu eta gutxira "15 edo 20 ertzain liskarren kontrako bitartekoekin agertu ziren" eta jendea miatzera ekin zioten. Polizia gehienak gizonezkoak zirenez, bi emakumezko heldu arte itxaron behar izan zuen urduñarrak, eta miaketarekin hasi zen urduri jartzen: "20 minutu izan ninduten hormaren kontra, besoak altxatuta, goitik behera miatzen ninduten bitartean, eta poltsa ireki eta dena hankaz gora jarri zidaten. Tabako guztia atera zuten eta silitolezko goxokiak ere eraman nahi zituzten. Ez nuen ezer ulertzen, lehen aldia zen horrelako zerbait gertatzen zitzaidala".

"Oraindik beldurtuta nago, negar egiten dut gertatutakoa gogoratzean. Hortaz, nire amak jarri zuen salaketa. Galdetu zioten ea gai izango nintzen ertzaina identifikatzeko, baina guztiek zuten aurpegia estalita eta atzetik jo zidan"

Miaketa amaituta, indarrez bota zuten tabernatik eta orduan, atetik ateratzean, ertzain batek atzetik jo zuen borraz. "Nire anaia kanpoan zegoen eta hori ikustean niregana etorri zen eta poliziak borraz jo zuten ahoan. Uneren batean poltsa ere apurtu zidaten", erantsi du.

"Hortik aurrera ez dut oroitzapen argirik. Badakit hasi nintzela oihukatzen gelditzeko, eta arnasa ezin nuela hartu. Gogoratzen dudan hurrengo gertakaria da bost ertzain atxilotu baten gainean zeudela eta nik oihukatzen nuela ea zer egiten ari ziren. Uste dut beldur eta antsietate krisialdia izan nuela eta beste kale batera eraman ninduten. Nire sentsazioa zen ezin nuela arnastu eta nire anaiak anbulantzia deitu zuen. Hori bai, ez zen inoiz heldu".

Gauzak horrela, bere ingurukoek gurasoei deitu zieten eta Amurrioko larrialdietara eraman zuten. Hango medikuak ziurtatu zuen 10x3 zentimetroko ubeldura zuela eta baita antsietate sintomak ere.

Hurrengo egunean salaketa

Igandean bertan emakumezkoak salaketa jarri zuen, hori bai, bere amaren bitartez. "Oraindik beldurtuta nago, negar egiten dut gertatutakoa gogoratzean. Hortaz, nire amak jarri zuen salaketa. Galdetu zioten ea gai izango nintzen ertzaina identifikatzeko, baina guztiek zuten aurpegia estalita eta atzetik jo zidan".

Gauzak horrela, herritarraren asmoa da argi uztea indarkeria ez zuela jendeak hasi eta sarekada bat izan zela larunbateko operazioa. "Ezin dut ulertu jendea babesteko dagoen poliziak horrela jardutea herritarren kontra eta izutzea", adierazi du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide