"Euskara baztertzea" leporatu dio Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak Bihotza Konpartsari, eta kexa erregistratu du Udalean

Txabi Alvarado Bañares 2024ko maiatzaren 7a

Foru plazan dago Urduñako txosnagunea. / Aiaraldea.eus

Kontseiluak salatu duenez, konpartsak ez du betetzen musikaren %65a gutxienez euskaraz izateko araua. 

Otxomaio jaietako lehen asteburua igarota, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak oharra plazaratu du Bihotza Konpartsaren jokabidea salatzeko. Kontseiluak azaldu duenez, konpartsak "euskara erabat batzertu" du bere txosnan, txosnagunearen arautegia urratuz. 

Izan ere, Kontseiluak gogorarazi du Urduñako Udalak bat egin duela Gora Aiaraldeko jai Euskaldunak! dinamikarekin eta, modu horretan, hainbat neurri ezartzera konprometitu dela hiriko festetan. Euskararen aldeko eragileak nabarmendu du neurri horiek "arautegi zehatz bat" jasotzen dutela txosnei dagokionez: "Beste neurrien artean, musikaren %65a (gutxienez) euskaraz izango dela dio arautegiak, neurri hori 'ordutegi osoan' bete behar dela zehaztuz".

Kontseiluak gogorarazi du Urduñako txosna guztiek jarri dutela musika berdina azken urteetan. Hau da jarraitzen den prozedura: "Txosna bakoitzak 50 kantu aukeratzen ditu, horiek guztiak bildu eta musika zerrenda bakarra osatzen da. Ondoren, zerrendak berdintasun teknikariaren galbaea pasa behar du, onartu ezin daitezkeen kantuak (matxistak, homofoboak, gutxiengoen aurkakoak, arrazistak, xenofoboak…) baztertuz. Txosna guztiak kablez konektatzen dira, musika aldi berean entzun dadin guztietan".

Euskalgintza kontseiluak azaldu duenez, Bihotza Konpartsak aukeratzen dituen 50 abestiak "erdara hutsez" izan ohi dira, "hala ere, beste txosna guztien jarrerari esker, zerrendaren %65a baino gehiago euskarazko musikak osatzen du".

Aurten Bihotza Konpartsak ez du bere musika ekipoa beste txosnetara konektatu eta, ondorioz, "txosna bakarra da musika zerrenda propioarearekin", Kontseiluak salatu duenez.

Baina aurten Bihotza Konpartsak ez du bere musika ekipoa beste txosnetara konektatu eta, ondorioz, "txosna bakarra da musika zerrenda propioarearekin". Kontseiluaren hitzetan, "euskara guztiz baztertu" dute musika zerrenda horretan, eta ez da arautegian zehaztutako gutxieneko ehunekoa betetzen. 

Azaldu dutenez, iaz ere antzeko egoera bizi izan zuten. Gauzak hala, Udalean kexa erregistratzea erabaki du Kontseiluak. "Urduñako Udalari eskatzen diogu Bihotza Konpartsa txosna arautegia betetzera behartu dezala edo urraketak badarrai txosna irekitzeko baimena uka diezaiola". 

Horrez gain, herritarrei ere luzatu diete deia, "kontsumo hautuetan euskara ere presente izan dezaten".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide