Urduñako Jaiek azken uneko ekintzak izango dituzte larunbatean. Izan ere, Leticia Sabaterren musika ikuskizunak iraun bitartean, Aiarandreen Taupadak batukadaren kalejira eta DJ Bad Sound Sisterren emanaldia egongo dira. Sabaterren kontzertuaren antolatzaileak ez diren txosnak itxita egongo dira protesta gisa eta txanda egingo dute eskolako txosnan. Hortik eskuratzen den dirua bideratuko dute jai alternatiboaren gastuak ordaintzera.
Antolatzaileek adierazi dute ez dutela inolako talkarik nahi Foru plazan egongo den jarduerarekin, eta, horregatik, La Posadatik abiatuko da kalejira 21:00etan. Hori bai, deitzaileek adierazi dute bestelako plana eskaini nahi dietela "emakumeen kosifikazioan eta gorputzen hipersexualizazioan oinarritzen" den ikuskizunean parte hartu nahi ez dutenei.
Izan ere, euren ustez, Sabaterren kontzertua ez da hautatu "kalitate artistikoagatik", baizik eta "norbait agertokian barregarri" uzteko. Horren aurrean, errespetuzko jai integratzaileak aldarrikatu dituzte, berdintasunean oinarrituak.