Bi jai ereduk egin zuten topo bart aurrez aurre Urduñako Otxomaio Jaietan. Bihotza Konpartsak antolatuta, Leticia Sabaterrek kontzertua eskaini zuen jendez lepo zegoen Foru plazan.
Ez zen ohiko emanaldia izan, ordea. Izan ere, programazioak hautsak harrotu zituen jaietako zein Urduñako eragile kultural eta sozial askoren artean. Txosnaguneko txosnek pertsiana jaitsi zuten Leticia Sabaterren emanaldiak iraun bitartean, protesta gisa.
Leticia Sabaterren kontzertua "emakumeen kosifikazioan eta gorputzen hipersexualizazioan" oinarritzen dela salatu zuten
Jai alternatiboa
Hiriko eragile ugarik jai alternatiboa antolatu zuten La Posadako plazan, Eskola Publikoaren txosnaren aurrean, bestelako jai eredua aldarrikatzeko asmoz. "Edozein motatako norgehiagokak sustatzetik urrun gaude, baina ez gaude batere ados ekitaldi honekin eta antolatu den moduarekin, askoren iritzia kontuan hartu gabe", adierazi zuten.
Leticia Sabaterren kontzertua "emakumeen kosifikazioan eta gorputzen hipersexualizazioan oinarritzen" dela salatu zuten jai alternatiboa hasi aurretik egindako hitzartzean: "Norbait agertokian barregarri uztea du oinarri ikuskizun horrek".
"Festak garrantzi handiko gunea dira edozein herri edo hiritako bizitza sozial eta kulturalerako, eta, beraz, gizarte moderno eta berdintasunezkoaren printzipioak sustatu behar dituzte", nabarmendu zuten jai alternatiboko antolatzaileek, "Urduñaren kasuan, 'Bizkaiko Menphis' esaten diote askok, musikarekin dituen lotura sakonengatik eta musikari on asko izan dituelako eta oraindik ere badituelako, garrantzitsuagoa da guztiontzat errespetuzkoak eta integratzaileak diren jaiak ospatzea".
Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte