Aurtengo Otxomaio jaietan eginiko ekintzen %31,14a izan da euskaraz hutsez edo nagusiki euskaraz. Hori ondorioztatu daiteke Udalak eginiko sailkapena ikusita. Tokiko erakundeak bat egin du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren Euskararen Semaforoa tresnarekin, eta egitasmo horren irizpideen arabera sailkatu ditu egitarauko jarduerak.
Udalak 61 ekintza mailakatu ditu guztira hizkuntza irizpideak jarraituta, programan jasota zeuden ia guztiak. Jarduera bakan batzuk utzi ditu zenbaketatik kanpo, hizkuntzaren arabera sailkatzeko zailak direlako (buruhandien kalejira edota saskibaloi partiduak kasu). Hemen ikus daiteke programa osoa, eta ekintza bakoitzaren alboan dago markatuta Udalak emandako sailkapena.
Zenbateka horren arabera, jardueren %22,9a izan da erdaraz, eta egitarau osoaren %40,9 elebiduna izan da:
Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak bi urte daramatza Urduñako jaietan euskarak duen presentzia aztertzen. Hemen ikus daiteke 2022ko eta 2023ko datuen araberako alderaketa.
Aiaraldea Komunikabideak datozen herrietako jai guztietako egitarauak aztertuko ditu, euskararen presentzia zenbatekoa den ikusteko. Egitaraua Euskararen semaforoaren arabera sailkatuta badago, irizpide hori baliatuko da zenbaketa egiteko. Bestela, berea propioa egingo du komunikabideak, jarduera bakoitzaren ezaugarriak aztertuta.
Eskualdeko udalerri gehienek egin dute bat jaietan euskararen presentzia sustatzeko Euskalgintza Kontseiluak abian jarritako ekimenarekin. Apirilaren amaieran egin zuten hori iragartzeko ekitaldia, Aiarako Jaien atarian:
Jaietako gorabeherak
Euskararen Semaforotik harago ere, zeresana eman du euskararen presentziaren gaiak otxomaioetan. Festen lehen asteburuaren ostean, oharra plazaratu zuen Euskalgintza Kontseiluak, Bihotza Konpartsaren txosna hizkuntza irizpideak urratzen ari zela salatu eta Udalari neurriak hartzea eskatzeko.