Moja klaratarrek mezu kontraesankorrak zabaldu dituzte euren lehen adierazpen publikoetan

Aitor Aspuru Saez 2024ko mai. 15a, 16:50

Moja klaratarrak Beloradon. / Instagram

Urduñako komentua erabiltzen duten mojek mezua zabaldu dute sare sozialen bidez, zeinean adierazten duten ez dutela Eliza Katolikoa utzi. Irudietan, ordea, Pablo de Rojas Sanchez-Francoren sektako ordezkari bat agertzen da.

Urduñan eta Beloradon dauden moja klaratarrak soka luzeko polemika elikatzeko prest daude eta, horretarako, eskura dituzten baliabideak erabiltzen hasi dira. Gauzak horrela, Instagram kontua ireki dute eurei buruz azaleratu diren informazioei aurre egiteko.

Profil horren bitartez, bi mezu zabaldu dituzte. Alde batetik, ez direla zismatikoak eta ez daudela bahituta. Bestetik, ez dutela Eliza Katolikoa utzi.

Irudian ikus daitekeena, ordea, kontraesanean dago mojek esandakoarekin. Izan ere, zabaldu duten selfiean Pablo de Rojas Sanchez-Francoren ordezkari bat agertzen da. Gogoratu beharra dago Mario Izetak berak kanporatu zuela gizon hori Elizatik.

Mojak eurak, story bilakatu duten bideoan, irribartsu iragarri dute bideo gehiago plazaratuko dituztela azalpen guztiak emateko eta "egin dituzten aurkikuntzak" argitzeko.

Astelehenean harrotu zituzten hautsak klaratarrek, adierazita Eliza Katolikoa utziko zutela eta Pablo de Rojas Sanchez-Francoren ordenera batuko zirela. Horren guztiaren atzean dago, hedabideek azaldutakoaren arabera, Gasteizko elizbarrutia Urduñako komentuaren erosketaren kontra agertu izana.

Hautu hori hartuta, gainera, klaratarrek Pablo de Rojas Sanchez-Francoren erakundearekin egin dute bat. Erlijioso horrek eskuin muturreko ideiak defendatzen ditu eta Opus Deiko ideiak ditu, Eliza Katolikoaren zilegitasuna ukatuta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide