Beloradoko moja klaratarren egoera hedabide nagusien denborapasa bilakatu da azken egunetan. Eliza utziko zutela adierazi zutenetik, Eliza Katolikoarekin duten gatazka egunkari eta telebista saioen eztabaidagaia bilakatu da, morborako eta bitxikeriarako tartea eskaintzen baitu.
Baina, eskualdeari dagokionez, zein neurrian eragiten du polemikak? Aiaraldea Komunikabideari urduñarrek eurek azaldu diotenez, berez, moja klaratarrik ez dago komentuan pasa den astetik. Berez, bat-batean iragarri zuten ez zela egongo elizkizunik eta Beloradora jo zuten Urduñan zeudenek.
Ezustean hartutako erabakia arraroa egin zitzaien elizkizunetara joaten ziren dozena bat herritarrei, bereziki, Gabonetan edo Aste Santuan baino ez zutelako uzten tokia.
Geroztik, ez da jarduerarik egon komentuan, baina hedabideak albistez bete dira. Izan ere, asteartean zabaldu zen mojek Eliza Katolikoaren zilegitasuna ukatu eta eskuin muturreko sekta batera batu zirela. Egunez egun, orden horren buruaren ideia atzerakoien datu gehiago agertu dira: Francoren jarraitzailea dela, Holokaustoa zalantzan jatzen duela edota COVID-19 txertoen kontrakoa dela.
Albiste uholdea harriduraz hartu dute urduñarrek. Izan ere, duela ia bost urte komentura heldu zirenetik, laguntza ugari jaso dute.
Aiaraldea Komunikabidea Juanjo Sanz aurreko legealdiko obra zinegotziarekin jarri da harremanetan eta honakoa azaldu du berak: "18 urtez hutsik egon ondoren, herriak nahi zuen komentua biziberritzea eta horregatik Udalak askotan lagundu zituen mojak. Behar baino gehiago, agian. Herritarrek ere ekarpen handiak egin dituzte eta auzolanak antolatu zituzten".
Aintzat hartuta Gasteizko Elizbarrutiak salerosketa kontratua ezer ezean utzi duela klaratar zismatikoekin, zaila izango da erlijioso horiek Urduñara itzultzea.