Eliza katolikoak Belorado, Urduña eta Derioko komentuen kontrola berreskuratu du gaur. Mario Iceta artzapezpikuak prentsaurrekoan azaldu duenez, Sor Isabel abadesaren agintaldia iraungi da ofizialki eta, ondorioz, Aita Santuak Icetaren esku utzi du hiru eraikinen kudeaketa.
Artzapezpikuak argitu du modu kolektiboan hartuko dituela erabakiak eta klaratarren federazioak berak eskatu diola laguntza Vatikanoari. Icetak erantsi du patxadaz hartuko dituztela neurriak, baina, hori bai, argi eta garbi adierazi du Pablo de Rojas eta Jose Ceacero Unión Píako ordezkariek berehala utzi behar dituztela higiezinak eta debekatuta dutela sartzea, bai eurek zein sekta horretako edozein kidek.
Mojei atea irekita
Moja klaratarrei dagokienez, Iceta eskuzabalagoa izan da eta iragarri du tarte bat izango dutela euren etorkizunari buruz hausnartzeko. Horren ondoren, eskatuko diete argitzea Eliza Katolikotik kanpo egon nahi duten edo ez. Bide horretatik jarraitu nahi izanez gero, eskumikatuko dituztela ohartarazi dute.