Ramon Torres Donoso 1941ko martxoaren 15ean hil zen Urduñako espetxe frankistan, erregimenak han sortutako bizi baldintza latzen ondorioz, hain zuzen. Berriki, Gogora Institutuak identifikatu ditu bere gorpuzkiak eta hala jakinarazi dio familiari.
Torres Donoso Badajozeko Castuera kontzentrazio-esparrutik ekarri zuten eskualdera. Nekazaria zen, UGT sindikatuko afiliatua, ezkonduta zegoen, eta bost seme-alaba izan zituen. Gerra Kontseiluak epaitua, 16 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten matxinada delitua egotzita.
1939ko urrian Castueran zegoen preso eta hilabete geroago, Urduñako Espetxe Zentralera eraman zuten. 1941eko martxoaren 15ean hil zen, 38 urte zituela, espetxe-sistema frankistaren biktima bilakatuta.
Dokumentazioaren arabera, kontzentrazio-esparruan eta Urduñako espetxean hildako 225 lagunetatik 102 Castuerako esparrutik eraman zituzten bertara.
Urduñan geratuko dira gorpuzkiak
Datozen astean emango dizkiete gorpuzkiak senideei eta hauek Urduñako Kolunbarioan ehortziko dituzte, izaera pribatuko ekitaldi baten ondoren.
Ramon Torres Donoso da Urduñako hilerrian 2014an eta 2022an egindako indusketetan berreskuratutako 71 biktimetatik identifikatutako hamaikagarrena. Aurrekoak honako haiek izan dira:
- Fructuoso Llorens Tolosano, Fuente de Maestrekoa, Badajoz.
- Manuel eta Salvador Del Amo Jimenez, anaiak, Villagonzalokoak, Badajoz.
- Alejandro Gomez Hidalgo, Carpio de Tajokoa, Toledo.
- Alfonso Tena Prieto, Don Alvarokoa, Badajoz.
- Domingo Galindo Gonzalez, La Morerakoa, Badajoz.
- Inocencio Gallardo Rebolledo, Magacelakoa, Badajoz.
- Bernardo Rodriguez Rincon, Campanariokoa, Badajoz.
- Francisco de la Cruz Orellana, Quintana de la Serenakoa, Badajoz.
- Jose María Hidalgo Balsera, Quintana de la Serenakoa, Badajoz.
Aipatu beharra dago kontzentrazio esparruan hildakoak ez ezik, Urduñan bertan borroketan zendutako gudariak ere badaudela kolunbarioan.
Indusketa gehiago laster
Ramon Torres Donosoren identifikazioa indusketen eta DNA analisien emaitza izan da. Falta diren industutako 60 lagunen nortasuna argitzeko lanean jarraitzen du Gogora Institutuak, eta gehiagoren patua azaleratzeko indusketa kanpaina berria abiatuko dute.
Urtea amaitu baino lehen, presoen hobien gainean eraiki eta jada erabiltzen ez diren nitxoak eraisteko lanak egingo dituzte. Horrela, lan horiek amaitutakoan, gainontzeko gorpuak lurpetik ateratzeko kanpaina berri bat programatuko da.