Maspalomas pelikularen eszenatoki bilakatuko da Urduña. Izan ere, Antiguako pasalekuan kokatuta dagoen Mariaren Konpainia eraikina zahar-egoitza bilakatuko dute filmaren pasarte batzuk grabatzeko. Moriarti Produkzioak ekoiztetxea arduratuko da filma ekoizteaz eta Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi arituko dira zuzendari lanetan.
Urduñarrek ere lekua izan ahalko dute pantaila handian. Izan ere, proiektuan interesa duten herritarren parte hartzea eskatu dute, eta horretarako, Erretiratuen Etxean egongo dira ostiralean, hilaren 20an, goizeko hamaiketatik aurrera. Informazioa emateaz gain, argazkiak aterako dizkiete parte hartzeko interesa dutenei.
Honako hau ez da izango azken boladan Urduña zinema-plato bihurtzen den lehen aldia. Izan ere, azken bi urteetan Karmele, 8 eta El Bus de la Vida pelikulak filmatu dituzte hirian. Azken horren aurrestreinaldia egin zuten Foru plazan uztailean, eta ehunka herritar bertaratu ziren pelikulaz zein ondorengo musika emanaldiaz gozatzera.