Belardi haragi eraldaketarako zentroaren inaugurazioa jendez eta omenaldiz gainezka egon da

Aitor Aspuru Saez 2024ko ira. 21a, 15:00

Belardi haragi eraldaketarako zentroaren herri inaugurazioa egin dute gaur eta jendetza batu da azpiegitura ezagutzeko.

Atzo erakunde ordezkarientzako inaugurazioa egin ostean, gaur giro herrikoian aurkeztu dute Belardi haragi eraldaketarako zentroa, zeinak hiltegia eta hainbat zerbitzu biltzen dituen. Azpiegituraren nondik norakoak ezagutarazteko baliatu dute hitzordua eta gelaz gela azaldu dute nola funtzionatzen duen tokiak.

Inaugurazio ekitaldia bera omenaldiz beteta egon da. Aitor Junguitu abeltzainari makila eman diote, bere aitak (zendu zena) egindako ekarpenagatik eta ezustean Mikel Kormenzana bera goraipatu dute, proiektua gauzatzeko egindako lan izugarriagatik. Izan ere, Belardi gauzatzeko lanak 20 urte baino gehiago iraun du, lege eta arau aldaketak barne.

Horrez gain, Urduñako hiltegiko azken langileak ere aipatu dituzte, belaunaldien arteko transmisioa eta garrantzia irudikatzeko.

Horren guztiaren ostean, haragiaren eraldaketarako prozesua nola bideratzen den argitu dute. Horretarako, 15 eta 20 lagunen arteko hainbat talde sortu dituzte eta gela bakoitzean Belardi elkarteko kide batek adierazi die nola funtzionatzen duen tokiak.

Azkenik, eta Zapalan elkarteko boluntarioei esker, tokiko produktuekin prestatutako mokadua eskaini dute. Izan ere, Belardi egitasmoa ez da hiltegi hutsa, tokiko ekoizle eta abeltzainei erraztasunak ematea du helburu, kate handien menpekotasuna mugatzeko, gertuko merkatuak sustatzeko eta ahalik eta askitasun gehien eskuratzeko.

Halaber, irizpide sozial sendoak ditu ekimenak eta, adibidez, Zapalan elkarteak, zeinak egoera zaurgarrian dauden lagunekin lan egiten duen, trebakuntza ikastaroak eskainiko ditu Belardin, pertsonen lan merkaturatzea ahalbidetzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide