“Auzolanean antolatzen ditugu Mikel Deunako jaiak”

Txabi Alvarado Bañares 2024ko ira. 27a, 16:07

Auzoko bizilagunak, iazko jaietan. / Mikel Deunako Jai Batzordea

Duela hamar urte inguru ekin zioten jaia berriz antolatzeari, hogei urtez galduta egon ostean. 

Bihar ospatuko Mikel Deunako jaiak Urduñan, egun osoko egitarauarekin. Iazkoaren “oso antzekoa” izango da programa, baina aldaketa txiki batzuekin. “Txupinazoa txistu diana batengatik ordezkatu dugu, aproposagoa iruditu zaigu”, azaldu dute jai batzordeko kideek. Horrez gain, auzokideen arteko bazkaria ere nabarmendu dute egitarautik, 100 pertsona inguru biltzen direlako bertan eta auzokide bat omentzen dutelako urtero. 

“Elkartasun parrilladari dagokionez, aurten Rett sindromea aztertzen duen elkarteari bideratuko diogu jasotako dirua”, aurreratu dute. Gainera, gauean urduñarrak izango dira protagonista oholtza gainean, Deriba taldeak eta DJ Mikel Deunak girotuko baitute jaia.  

Helduentzako goitibera jaitsiera antolatzeko aukera baloratzen ari dira jai batzordeko kideak, hurrengo urteetara begira

Goitibera jaitsiera

Goitibera jaitsiera da, seguraski, eguneko egitarauko jarduerarik deigarriena. “Duela hamar urte inguru berreskuratu genituen Mikel Deunako jaiak, hogei bat urtez galduta egon zirelarik. Aspaldi horretan, goitiberak oso modan zeuden eta bertan lasterketak egiten ziren”, oroitu dute antolatzaileek, “horregatik, hasieratik pentsatu genuen berreskuratu beharreko tradizio bat zela”. 

Une honetan umeentzako jaitsiera da egiten dutena, baina ez dute baztertzen datozen urteetan “nagusientzako ekintza modura” ere planteatzea. 

Auzokideak protagonista

Auzokideek auzokideentzako eginiko jaiak dira Mikel Deunakoak. “Auzolanean” antolatzen dute guztia, hainbat bileraren bidez: “Uztailean bilera bat egin ohi dugu kaleko jaien inguruko kontu nagusiez hitz egiteko (musika, dirulaguntza, proposamen berriak...) eta iraileko lehen astetik aurrera, astero biltzen gara, azken astean bi bilera egiten ditugularik”.

“Adin eta genero ezberdinetako kideak” biltzen ditu jai batzordeak, eta ondo dago osasunez. “Gainera, batzordeaz gain, jaiaren egunean bertan edozein lanetan laguntzeko prest dagoen jendea dago”, nabarmendu dute batzordeko kideek. 

EGITARAU OSOA

Irailak 28, larunbata

11:00 // Txistu diana (Getxa Goi txistu talderaen eskutik)

12:00 // Patata tortilla txapelketa

12:00-14:00 // Umeentzako puzgarriak

14:45 // Auzokideen argazkia

15:00 // Herri bazkaria (eman izena X tabernan edo Orratz Begi dendan)

17:30 // Goitibera jaitsiera

18:30 // Txokolatada

19:00 // Txapela jaurtzitze txapelketa

21:00 // Elkartasun parrillada (jasotako dirua AESR elkarteari bideratuko zaio)

22:00 // Kontzertua: Deriba eta DJ Mikel Deuna

*Karpa eta txosna egongo dira

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide