Motorrak berotzeari ekin diote Urduñan aurtengo otxomaioak ospatzeko. Alde batetik, pregoilaria eta txupineroa hautatzeko prozesua abiatu du Udalak, eta horretan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak. Martxoaren 13ra arte bidali daitezke proposamenak esteka honen bidez edo komunikazioaurdunaudala@gmail.com helbide elektronikora. Herritar bakoitzak hiru hautagai proposatu ahalko ditu gehien jota, eta guztiak izan beharko dira Urduñakoak eta 16 urtetik gorakoak.
Zehaztu dutenez, jaietako talde antolatzaileak baloratuko ditu jasotako proposamen guztiak, "baita Urduñako Udaleko Kultura eta Berdintasun Sailek ere".
Kartel lehiaketa abian
Horrez gain, jaietako kartel lehiaketa ere abiatu du Udalak, aurreko urteetako eskema berdinarekin. Bi kategoria egongo dira, kimu eta umeena alde batetik eta gazte eta helduena bestetik. Hemen ikusi daitezke oinarriak. Kasu honetan ere, martxoaren 13ra arte egongo da parte hartzeko tartea.
Txosna eskaera egiteko epea ere zabalik
Bukatzeko, otxomaioetan txosna jartzeko eskaerak aurkezteko epea ere zabaldu du Udalak. Aurreko urteetan bezala, lau txosna baimenduko dituzte gehien jota Foru plazan. Hemen ikusi daiteke araudi osoa.