Dantza eginez hasi dute Martxoaren 8ko egitaraua Urduñan. Dozenaka emakume batu dira Izaskun Del Cerrok gidatutako zunba saioan. Ondoren, elkarretaratzea egin dute Foru plazaren erdian.
Udaleko ordezkariek hartu dute hitza bertan, egunerako berariaz prestatutako adierazpen instituzionala irakurtzeko.
Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataformak 30 urte bete dituztela ekarri dute gogora. "1995an Beijingen egin zen Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzian adostutako akordioek genero-berdintasuna, emakume eta neska guztien ahalduntzea eta giza eskubideak gauzatzeko munduko ibilbide-orria abian jarri zuten", nabarmendu dute hitzartzean.
Udaleko ordezkarien hitzetan, azken hiru hamarkadetan "aurrerapauso garrantzitsuak" eman dira, baina bilakaera "desorekatua" izan dela ere aitortu dute, emakume eta gizonen arteko genero-berdintasuna "munduko herrialde batek ere ez" duela lortu argudiatuta. Hala ere, "aurrerapena nabarmena" izan dela ere aipatu dute, "berdintasun-politiken araudi eta erakunde garapena eta mugimendu feministaren bultzada iraunkorra bateratu diren testuinguruetan".
Horri lotuta, aipatu dute euskal udalek bat egin dutela “genero-berdintasunaren lorpena bizkortzeko mundu-mugimenduarekin”, eta hainbat konpromiso hartu dituzte horri begira Urduñako Udal moduan. Lehena, “emakumeen elkartegintza eta elkarte feministak” sustatzea. Bigarrena, “tokiko arreta eta koordinazio protokoloak eguneratzea” indarkeria matxistari aurre egiteko. Eta hirugarrena, indarkeria mota horren aurkako programak garatzea, “gizonak eta mutikoak bereziki mugiaraziz”.