Urduñako herritar bat Radio Nervion irratiarekin jarri da harremanetan jakinarazteko norbaitek amuak dituzten saltxita zatiak bota zituela kalean, txakurrek jan ditzaten.
Antza, urduñarra paseoan ari zen bere maskotarekin Antiguako auzoan eta konturatu zen animaliak zerbait jan zuela lurretik. Ez zekienez zer zen, botaka eragin zion eta behin janaria jasota, sumatu zuen haragi zatiaren barruan amu bat zegoela.
Txakurraren jabeak adierazi du komenigarria dela jendea arretaz ibiltzea horrelako arazoak ekiditeko.
Urduñarrak berak irratian azaldu du Ertzaintzarekin harremanetan jarri dela eta poliziak aipatu ziola adi egongo zirela. Aiaraldea Komunikabideari Ertzaintzak berak esan dionez, berez, ez dago momentuz gertakariari lotutako salaketa ofizialik Laudioko Ertzain Etxean.
Edonola ere, ez da hau azken urteetan jazo den modu horretako gertakari bakarra. Izan ere, hainbat animali zauritu eta hil dira horrelako ekintzen ondorioz.