ERREPORTAJEA

Nork erasotzen ditu animaliak?

Txabi Alvarado Bañares 2021ko abe. 2a, 07:45

7 hilabeteko katu batek hainbat perdigoikada jaso zituen Urduñan. / Aiaraldea.eus

Tiroketak, pozoitutako janaria, toki publikoetan jarritako zepoak... animalien aurkako eraso ugari jazo dira eskualdean azken urteetan. Salaketa ugari jaso ditu poliziak. 

Iragan astean izan zen: bizilagun batek pozoiz betetako hegaluze lata bat topatu zuen Aretan, ustez, animaliak intoxikatzeko. Udaltzaingoa bertaratu zen, baina ez zuen prozedurarik ireki. Izan ere, pozoiak ez zuen inor kaltetu, katu edo txakurren bat hurbildu baino lehen bota zutelako zaborrera. 

Baina beti ez da horrela izan. 2020ko abenduan hiru txakur hil ziren Laudioko Gardea auzoan, estrikninaz pozoituta. 2018an, aldiz, bi katu pozoitu zituzten Latiorro auzoan, eta horietako bat hil egin zen. 

Azken urteetan hainbat txakur hil dira pozoindutako janaria irensteagatik. Urduñan, aldiz, zenbait katu tirokatu zituzten iragan hilabetean

Tiroketak Urduñan 

Pozoia ez da izan animalien aurka erabili den osagai bakarra. Kasu batzuetan iltzeak sartu dituzte janariaren barruan. Aretan jazo zen gertaera hori, duela bost urte. Txakur batek iltzea irentsi zuen, eta ebakuntza egin behar izan zioten osatzeko. Belandian beste txakur bat hil zen iaz, bide publiko batean jarritako zepo baten ondorioz.
Baina gertaerarik deigarrienak iragan hilabetean jazo ziren, Urduñan. 7 hilabeteko katu batek hainbat perdigoikada jaso ditu Urduñan, Landatas inguruan, ezezagun baten eskutik. Jabeek albaitariarengana eraman zutenean honek esan zien beste bi kasu gehiago egon zirela gutxienez. “Antzeko kasu bat izan genuen duela sei hilabete. Beste katu bat tirokatu zuten Tertangan, eta hil egin zen”, azaldu zion Alexei Sanchez Puzo albaitariak Aiaraldea Komunikabideari. 

6 salaketa bi urtetan

Aiaraldea Komunikabideak gai honi buruz galdetu dio Ertzaintzari. Poliziak horrelako 6 kasu jaso ditu 2019tik hona. Datu horiek ikusita, ondorio argi bat atera daiteke: kasu asko salatu gabe geratzen dira. Izan ere, 2021ean poliziak ez du kasurik erregistratu eskualdean, egon diren arren.

Hala ere, animalien jabeek aldarrikatu dute horrelako egoerei merezi duten garrantzia eman behar zaiela. “Badaude euren katu edo txakurrak euren seme-alabak izango balira bezala tratatzen dituzten pertsonak. Animalia horiek kaltetuta min emozional handia egin ahal zaie pertsona horiei”, azaldu diote Urduñan tirokatutako katuetako baten jabeek Aiaraldea Komunikabideari, eta honako mezu hau zabaldu dute: “Gizakiak gure adimenagatik bereizten bagara beste animaliengatik, erakuts dezagun hori, eta ez dezagun jokatu burugabeko astapotroak bezala”.

Kasuak

Animalien aurkako erasoen hainbat salaketa jaso ditu Ertzaintzak azken urteetan.

  • Amurrio, 2019: Txakurren, katuen eta oiloen aurka perdigoiekin egindako tiroak salatu zituzten.
  • Orozko, 2020:  Animalien aurkako tratu txarrak salatu zituzten, ahiduragatik.
  • Urduña, 2020: Txakur bat harrapatuta geratu zen zepo batean.
  • Okondo, 2020: Txakur bat lapurtu zuten eta gero hilik agertu zen, eskopeta tiro batekin.
  • Orozko, 2020: Txakur bat hil zen tiro baten ondorioz.
  • Laudio, 2020: Bi txakur hil ziren pozoituta. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide