Euskal Akuarelarien Elkarteak erakusketa berri bat jarri du abian Urduña Hiria Museoan. Ostiralean egin zuten inaugurazio ekitaldia, eta "erabateko arrakasta" izan zuela baieztatu dute antolatzaileek.
Bi abesti interpretatu zituzten Carmen Uribarren sopranoak eta Joseba Ibarrola flauta-jotzaileak inaugurazioan, Koldo Badillok, Fede Ruiz aretoaren arduradunak, eskertza mezuak helarazi eta gero. Berezitasun gisa, bukatzean ez txalotzea eskatu zen, "eliza batean sortzen den giroa imitatzeko". Jendearen parte hartzeari esker, ondo funtzionatu zuen esperimentuak.
Dena den, publikoari parte-hartzea eskatu zitzaion geroago ere, Juan Isasi Euskal Akuarelarien Elkarteko presidenteak erakusketa osatzen duten 46 lanak hautatzeko prozesua azaldu ostean. Izan ere, beste bi kanta abestu zituzten, Ikusi mendizaleak tartean, eta bertaratutakoen laguntza eskatu zuten horretarako.
Mokaduarekin bukatu zen ekitaldia. Adierazi dutenez, Urduña Hiria Museoko kideak "oso eskertuta" agertu dira Euskal Akuarelarien Elkartearekin, "erakusketa hau Urduñako herritarrekin eta bisitariekin partekatzeagatik".