EGITARAU OSOA

Motor ibilaldia, mendi irteera inklusiboa, kontzertuak... hogei jarduera baino gehiago barnebilduko ditu Aefat jaialdiaren III. edizioak

Txabi Alvarado Bañares 2025ko api. 23a, 08:17

Motorzaleen topaketa egingo dute aurten ere. / Antonio Muñoz

Ekainaren 6 eta 7an egingo dute jaialdia. Malatestta, Armed Gang eta Ingot taldeek joko dute larunbat gauean. 

Ekainaren 6 eta 7an egingo da Urduñako Aefat jaialdiaren hirugarren edizioa, eta egitaraua aurkeztu egin dute dagoeneko. Hogei jarduera baino gehiago egingo dituzte bi egunetan, helburu berarekin: dirua biltzea Aefat elkartearentzat, ataxia telangiectasia gaixotasunaren ikerketarako. Zehaztu dutenez, elkarte hori 13 ikerketa proiektu finantzatzen ari da uneotan, eta 2015etik 700.000 euro baino gehiago bideratu ditu zeregin horretara. 

Horri lotuta, antolatzaileek nabarmendu dute jaialdiaren lehen edizioan 5.500 euro bildu zituztela, eta beste horrenbeste eskuratu zutela urte horretako Urdufolk jaialdiaren bidez. Bigarrenean, aldiz, marka guztiak hautsi zituzten, 18.000 euro eskuratuz orotara.

Gogorarazi dutenez, Urduñan badago gaixotasun arraro hori duen haur bat. Hodei du izena, eta beragatik ekin zitzaion ekimena antolatzeari. Bere aita, Kepa Vallejo, oso eskertuta azaldu du jasotako elkartasun guztiagatik. "Diagnostikoa ezagutu genuenetik, inguruko jendea gurekin eta Aefatekin inplikatu zen, gaixotasunaren ikerketa finantzatzeko ekitaldi solidarioak antolatzeko" nabarmendu du gurasoak, eta esker bereziak eman nahi izan dizkie jaialdiaren antolakuntzan murgilduta dauden pertsona guztiei: "Iñigo eta Iker Santocildes, Jorge eta Guillermo Ugalde, Luki Ortega, Jon Ria, Javi Irabien, Goyo Moreno, Iñaki Cuadra, Juan Angel Velez, Pedro Urruela...". 

Iazko edizioak 18.000 euro bildu zituzten ataxia telangiectasia gaixotasuna ikertzeko.

Hogei jarduera baino gehiago

Aurreko edizioetako eskema mantenduko du jaialdiak aurten ere. Ekimen ugari egingo dituzte hiriko elkarteekin elkarlanean, eta iazko motor ibilaldia errepikatuko dute, marka errepikatzeko asmoarekin: hirian 300 motorzale baino gehiago batzea. 

Dena den, nobedadeak ere txertatu dituzte aurtengo programan. Mendi irteera egingo dute, "familiarra eta inklusiboa", eta "12 orduko erronka solidarioa" ere prestatu dute. 

Horrez gain, musikak protagonismo berezia izango du bi egunetan zehar, aurreko edizioetan bezala. Ostiralean Santa Cecilia bandak, Urduñako abesbatzak, Vera Alonso abeslariak, La Otxoak edota  Javier Alzola saxofonistak eskainiko dute emanaldia. Larunbat gaudean, aldiz, hiru talde igoko dira Foru plazako oholtzara: Malatestta, Armed Gang eta Ingot (Itziar Ituño aktorea abeslari duen proiektua). Ondoren, DJ Juanma arduratuko da gaua luzatzeaz. 

EGITARAU OSOA

Ostirala, 2025eko ekainaren 6a

19:00 // Aduana Plaza Hotelaren aretoan (Sarrera: 10 €, aurrez www.aefat.es webgunean edo bertan, edukiera bete arte).

Koktel solidarioa

  • Ongietorri aurreskua Erauntsi Dantza Taldearen eskutik
  • Ekitaldiaren aurkezpena
  • Javier Alzolaren emanaldia, Fito y Fitipaldis taldeko saxofonista
  • La Otxoaren emanaldia
  • Bakarrizketak: Maribel Salas eta Unai Izquierdo
  • La Otxoaren bigarren emanaldia

Guztia mokaduak eta edariak lagun.

22:30 // Harresiko Anfiteatroan (Sarrera: dohaintza)

Kontzertu lirikoa Santa Cecilia Banda, Urduñako Koral eta Vera Alonso abeslariarekin batera.

Larunbata, 2025eko ekainaren 7a

Foru Plazan eta Urduñako beste gune batzuetan

6:00 // Ataxia telangiectasiaren ikusgarritasuna sustatzeko 12 orduko martxa solidarioaren hasiera, Javi Irabien buru dela. Irteera: Foru Plaza

8:30 // Mendiko Familian ibilaldian parte hartzeko izen ematearen irekiera, Foru Plazan

9:30 // Motor irteeran izen-ematea, Foru Plazan, Arando Korrikalari Taldearen laguntzarekin

10:00 // Arrastariako eta Urduñako haraneko ibilgailuen erakusketa
Lekua: Antzinako Andra Maria Ikastetxeko patioa

10:00 // Mendiko Familian Ibilaldiaren hasiera. Irteera: Foru Plaza
Txarlazo Mendi Taldearen laguntzarekin

10:30 // Kale animazioa
Laguntzaileak: Txalapartariak, Arloteak, Otxote Ugarte eta Oilarrak.

11:00 // Moteroen ibilbidea eskualdean zehar.
Laguntzaileak: Urduñako ibilgailu klasikoen elkartea eta El Pilón

11:00 // Haurrentzako jokoak Antzinako Andra Maria Ikastetxeko patioan

  • Tailer solidarioak Loraldi Emakume Elkartearen laguntzarekin.
  • Puzgarriak Irrikazu Animazioaren laguntzarekin.
  • Egurrezko jokoak Kalaka egurrezko jokoaken laguntzarekin.
  • Aurpegia margotzea Miren Zubiagarekin.
  • Buruhandiak Bihotza Konpartzarekin laguntzarekin.
  • Ohe elastikoak, bideojokoak, marrazkiak...

12:00 // Mendi ibilaldiaren iritsiera eta Erauntsi Dantza Taldearen emanaldia.

12:00 // Foru Plazako parrillada, Eusko Labelen laguntzarekin.

(Ibilaldian eta moteroen topaketan izena eman dutenei pintxio eta edari bana emango zaie)

15:00 // Bazkari herrikoia (5 euro personako). Makro-putxera bakar batean 1.800 plater prestatuko dira, eta errazio bana emango zaie motorzaleen irteeran eta mendi irteeran parte hartu duten pertsonei

16:00 // Drag Bingo Solidarioa. Bildutako diruaren %100a ataxia telangiectasia ikerketara bideratuko da. Sariak: produktu dohaintzak

17:00 // Txokolatada

18:00 // Dantzak Erauntsi Dantza Taldearekin

19:30 // Malatesttaren kontzertua

21:30 // Armed Gangen kontzertua

23:30 // Ingot taldearen kontzertua (Itziar Ituñorekin)

2:00 // DJ Juanma

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide