Apirilaren hasieratik dago ikusgai Loraldiko kideen erakusketa Romulo jatetxean. Elkarte horretako emakumeek eginiko hamar zintzilikatu jarri dituzte Urduñako establezimenduan.
Honakoa ez da Romulon jarri duten lehen erakusketa. Izan ere, hamar koadroko erakusketa bat atontzen dute bertan bi hilean behin. Nabarmendu dutenez, Siriako, Herbereetako, Madrilgo edota Kataluniako margolarien lanak egon dira ikusgai azken urteetan, tokiko sortzaileei ere merezi duten espazioa lagatuta betiere.
Hain zuzen, Loraldi elkarteko kideen erakusketa inauguratu arte, Efren G. Frechillaren hainbat lan egon dira jatetxeko paretetatik zintzilik. Duela hilabete batzuk zendu zen tokiko sortzailea, eta "Urduñako margolari karismatiko eta ospetsuenetako bat" izan zela uste dute antolatzaileek.
Hala azaldu du Iñigo Arrizabalaga Iturmendik. Erakusketen dinamizatzaileak balioan jarri du urte guzti hauetan zehar eginiko lana, eta baita Espainiako Estatuko beste hiri batzuekin (Haro edota Medina de Pomar) eginiko trukeak ere, izan duten harrera beroa goraipatuta. Truke horiei esker, udalerri horietako beste establezimendu batzuetara eraman dituzte Romuloko erakusketak, eta baita alderantziz ere. Arrizabalagak aurreratu duenez, Kantabriara zabaldu nahi dute dinamika datorren urtean.