Zer sentitu zenuten jakin zenutenean Adratan elkartea izendatu zutela pregoilari?
Hasieran pixka bat harritu ginen, baina poztu ere. Azken finean, gure lanaren aitortza da. Baina konturatu gara ardura bat ere badela, egun horretan balkoian egotea eta jendeari berba egitea.
30 kide zarete elkartean, guztiak igoko zarete balkoira?
Oraindik ez dugu erabaki. Balkoia txikia da, beraz, seguruenik pare bat izendatuko ditugu eta horiek irakurriko dute pregoia.
Testua guztien artean prestatzen ari zarete?
Denon artean ideiak botatzen ari gara, ostegunero biltzen gara eta hitzordu horiek baliatzen ditugu prestaketarako.
Urtean zehar, zertan datza zuen jarduna?
Batez ere, memoria historikoari buruzko ikerketa lana egiten dugu. Gure lana ezagutzera emateko ere hiruzpalau ekitaldi egiten ditugu, eta oso harrera ona izaten dute. Baina gehiena atetik barrurako lana da.
Memoria historikoa lantzen duen elkartea izanik, uste duzue badela Urduñan galduta dagoen baina berreskuratzea merezi duen ohituraren bat?
Otxomaioen inguruan tradizio asko daude, baina nahikotxo mantendu dira. XVII. mendetik hona gauza askok berdin jarraitzen dute, eta beste batzuen egiteko era aldatu da, baina ohituren esentziak dirau.
Nola bizi dituzue zuek Otxomaioak?
Urduñar guztiok ditugu maiatzaren 8a eta 9a egutegian gorriz markatuta. Egun horietan, familiarekin eta lagunekin elkartzea ezinbestekoa da. Parte-hartzea ere oso garrantzitsua da: guk ez ditugu Otxomaioak ulertzen parte-hartzerik gabe.
Zein da Urduñako herriari bidali nahi diozuen mezu nagusia?
Erroetara bueltatzea ideian egingo dugu azpimarra. Jendeak kontuan izatea mendeak daramatzagula jai hau ospatzen, eta ezagutzea zer den ospatzen duguna eta zergatik. Maiatzaren 8an konpromiso bat hartu genuen urduñarrok, eta horri eustea dagokigu.
Pregoiaren prestaketaz gain, beste zerbait duzue orain esku artean?
Urduñak 800 urte beteko ditu 2029an, eta zenbait ekitaldi prestatzen ari gara horren harira. Laster emango dugu horren berri.