TXUPINEROAK

“DNAn daramatzagu Otxomaioak”

Aimar Gutierrez Bidarte 2025ko mai. 2a, 13:14

Javier Santocildes Puente eta Txema Gonzalez Zurimendi, Urduñako frontoian. / Aiaraldea.eus

JAVIER SANTOCILDES PUENTE (Urduña, 1957) eta TXEMA GONZALEZ ZURIMENDI (Urduña, 1956) arduratuko dira aurtengo Otxomaio jaietako lehen suziria pizteaz. Jaso duten “ohoreaz eta arduraz” mintzatu dira.

Aurtengo txupineroak zarete. Aurkeztuko duzue zuen burua?

Javi Santocildes Puente: Urte andana daramazkit, 46 edo 47, saskibaloiaren kontua aurrera ateratzen Urduñan. Nik sortu nuen Bedarbide Saskibaloi Taldea, beste hiru kiderekin batera, eta hemen jarraitzen dugu.

Txema Gonzalez Zurimendi: Ni duela hogeita sei urte Urduñan sortutako arrantza eskola batetik nator, non Aiara osoko haurrek parte hartu duten. Eskola desegin berri da, jarraipen faltagatik, baina ibilbide polita egin dugu urte hauetan guztietan. Arrantzazeaz gain, beste hamaika kontu irakatsi diegu eskolara bertaratu diren haurrei: natura errespetatzea, biologia, ibaien egoera…

Txupinero izateko hautatu zaituztete. Nola jaso duzue albistea?

J.S.P.: Pozik, pozik. Duela hamabost urte txupina botatzea egokitu zitzaidan ere. Kasu horretan klubarekin egin nuen, bertako haur guztiekin, Bedarbide Saskibaloi Taldearen 30. urteurrena zelako.  Oraingo honetan ez dugu hitz egin beharko, beraz errazagoa izango da. Nik gainera suziriarekin apuntatzeko asmoa daukat (barreak). 

T.G.Z.: Nik ez nuen espero, inondik inora. Badakizu, urtero, Otxomaio guztietan herritarrak hautatzen dituztela txupina jaurtitzeko, baina nik nire burutik kanpo neukan hori. Oso pozgarria da gonbita jaso izana. Gure alde bozkatu dutenei eskerrak ematea besterik ez dugu. Hasiera batean kezkaz jaso nuen deia, balkoitik hitz egin behar genuela uste nuelako (barreak).

Asko pentsatu nuen nik baiezkoa eman aurretik. Ez zaizkit horrelako gauzak asko gustatzen. Gure lanaren eskertzarik handiena, eta imaginatzen dut Javiri berdina gertatuko zaiola, kaletik haurrek geratzen gaituztenean jasotzen dugu. 

Zer garrantzi dute zuentzako Otxomaio jaiek?

J.S.P.: Izugarrizko garrantzia. Urduñan jaioak garenontzat eta txikitatik jaiez gozatu dugunontzat izugarriak dira festak.

T.G.Z.: DNAn daramagu. Eta jaietan nahi baino gutxiago parte hartu arren, festa beti da alaitasunaren sinonimo. 

J.S.P.: Inguruko lehenengo jaiak dira gainera. Egia da gorputzak ez duela lehen bezala aguntatzen, baina beti hartzen dituzu askoz gogo gehiagorekin.

Aurten txupineroak izanda ahalegin berezia egingo duzue ekintza gehiagotan parte hartzeko?

J.S.P.: Nahi eta ezin. Maiatzaren 2an da txupinazoa, eta biharamunean partida daukat. Maiatzaren 10ean beste hiru partida zuzendu behar ditut. Gogoko tokian aldaparik ez, moldatuko gara zerbait egiteko!

Zer garrantzia du hiriko elkarteen presentzia Otxomaio jaietan?

T.G.Z.: Erabatekoa. Antolatzen diren ekintzen gehiengoa elkarteen ekarpenari esker antolatzen dira. Eta ona da ikustea nola inplikatzen ari den jende gaztea horretan.

Zer mezu nahi diezue helarazi herritarrei?

T.G.Z.: Jendeak ikaragarri ondo pasatu dezala eta alaitasunez disfrutatu ditzala Otxomaioak, inolako gatazkarik gabe eta errespetuz. Gera dadila aurtengo festen oroitzapen polita memorian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide